Begoña Taberna zenaren oroimenez paleta txapelketa antolatu du lehen aldiz Lesakako Arkupe elkarteak

Ttipi-Ttapa

Begoña Taberna (erdian), 2013ko abenduan erretiroa hartu eta Arkupe pilotazale elkartearen eta Lesakako Udalaren omenaldia hartu zuenean. Orain, bere oroimenez paleta txapelketa antolatu dute.

Begoña Taberna zenaren oroimenez paleta txapelketa antolatu du lehen aldiz Lesakako Arkupe pilotazale elkarteak. Urriaren 17an hasi eta abenduaren 19an jokatuko dituzte finalak. Gizonezkoak bi mailatan eta emakumeak bakarrean lehiatuko dira. Txapelketan izena emateko epea urriaren 11n, igandean bukatuko da.

Urriaren 17an hasi eta abenduaren 19an jokatuko dituzte gizonezkoen bi kategorietako eta emakumeen txapelketetako finalak

Izena emateko 610 20 21 21 37 (Xebe Txoperena) edo 609 46 59 41 (Jose Luis Tainta) telefonoetara deitu edo xebetxope@gmail.com edo joseluistainta@gmail.com helbide elektronikoetara idatzi behar da.

Txapelketan, gizonezkoen kategoria bakoitzean, lau bikoteko bi talde osatuko dituzte eta emakumekoen kategorian lau bikoteko bi talde. Beraz, kategoria bakoitzean zortzi bikote bakarrik onartuko dituzte. Talde bakoitzeko bi bikote onenek jokatuko dituzte finalerdiak. Partidak 25 tantotara jokatuko dituzte, larunbat goizetan 09:30ean hasita eta igande goizetan 10:30ean hasita Lesakako udal pilotalekuan.

Begoña Taberna gogoan

Bere garaian Lesakan eta bertze zenbait herritan jokatutako paleta txapelketetan parte hartu zuen Begoña Taberna Petrirenak eta herrian jokatzen zirenak antolatu eta sariak eman zituen hainbat urtez. Izan ere, Lesakako udal pilotalekuko ostatua kudeatu zuen 27 urtez, 2013ko abenduan erretiroa hartu zuen arte. Orduan, lan guzi hori eskertzeko omenaldia egin zioten, argazkian ageri denez. 2026Ko irailaren 2an hil zen Begoña Taberna. 77 urte zituela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun