Etxeko langileen lan eskubideen inguruko hitzaldia asteazkenean Beran

Ttipi-Ttapa

Urriaren 15a Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat hitzordu egiten ari dira Baztan-Bidasoaldean. Horietako bat izanen da bihar, urriaren 7an, Beran eginen duten etxeko langileen oinarrizko lan eskubideei buruzko solasaldia. 

Hitzaldi informatiboak

Dagoeneko hitzordu batzuk egin dituzte. Konparazio batera, joan den larunbatean, bildutako jendearen gozamenerako,  Jo! antzezlana egin zuten Arantzan.

Horrez gain, hiru hitzaldi informatiboko ziklo bat antolatua dute Baztan, Malerreka, Bertizarana eta Bortzirietan, Etxeko langileen lan eskubideak izenburupean. Saio horien artean lehenbizikoa urriaren 1ean, Elizondon egin zuten. Bigarrena Berako Beralandetan eginen dute, bihar, urriaren 7an, 17:00etan. Bi saio horiek herritar guziei irekiak dira. Malerreka-Bertizaranako saioa, azkenik, urriaren 29an eginen dute, 12:00etan, Donezteben, mankomunitatearen egoitzan. Saio hori profesionalentzat, laneratzeko enpresentzat eta gaian interesa duten tokiko elkarteetako pertsonentzat izanen da. 

Hitzaldiak Gaztelan Fundazioak emanen ditu eta honako gaiak landuko dituzte: lanaldia, atsedenaldiak, oporrak, nominak, kotizazioa, langabezia-prestazioa, erretiroa, zalantzak argitu eta intereseko tresnak eta baliabideak eskaini. Gainerakoan, gaztelaniaz izanen direla aurreikusi dute, baina bildutakoek euskaraz galdetzeko aukera izanen dute. 

Dokumentala

Urriaren 15ean, Asisko Urmenetaren Sorgina banaiz dokumentala pantailaratuko dute Elizondon. Nafarroako sorgin ehizatik abiatuta, emakumeen jazarpenari buruzko gogoeta historiko eta kolektiboa egiteko proposamena da. 19:00etan hasiko da. 

Bertze hitzaldi bat

Eta zikloa borobiltzeko, urriaren 16an, Etxeko lanaren eta zaintzen balio sozial eta ekonomikoaren ikusgarritasuna izeneko hitzaldia emanen dute Donezteben. Herritar guzientzat izanen da eta helburua «lan horiek bizitzaren iraunkortasunerako funtsezko ekarpena direla aitortzea eta haien duintasunaren eta jendarte aitorpenaren alde egiten segitzea da».

Baztango Udalak eta Bortzirietako eta Malerrekako mankomunitateek «herritar guziei» parte hartzeko deia egin diete, eta «bereziki, inguru honetako emakumeei jardueretan parte hartzeko» eskatu diete: «Landa eremuko emakumeek egiten duten ekarpena, zaintzen balioa eta erabakiak hartzeko guneetan emakumeen presentzia handiagoa lortzeko beharra paratu  nahi ditugu erdigunean».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun