Belateko lanak geldiarazteak Baztan-Bidasoan sortutako kaltea guttitzeko neurriak eskatu ditu Geroa Baik

Ttipi-Ttapa

Baztan-Bidasoko Geroa Baiko hautetsiak, Pablo Azcona Nafarroako Parlamentuko eledunarekin.

Pablo Azcona Geroa Bairen bozeramaileak bilera egin du Lesakan Baztan-Bidasoa eskualdean koalizioak dituen hautetsiekin, Belateko tunelak bikoizteko obrak gelditu ondotik sortutako egoera analizatzeko, baita erabaki honek eskualdearentzako izanen dituen ondorioak aztertzeko ere.

Pablo Azcona Parlamentuko eledunak bilera egin du Lesakan eskualdeko hautetsiekin

Gainera, N-121-A errepideko bertze proiektuak zein egoeran dauden ere analizatu dute. Bilera honen baitan, Geroa Baiko hautetsiek haien kezka mahai gaineratu dute eskualdearentzako estrategikoa den azpiegitura honen inguruan sortutako ziurgabetasunaren aitzinean, «izan ere N-121-A errepidea funtsezkoa da eskualde honentzako».

Azconak adierazi duenez, «ulergarria den kezka bat jasotzen ari gara, obra hau estrategikoa baita, urte luzez eskatua eta milaka pertsonaren egunerokoan eragin zuzena duena». Horregatik, Geroa Bairen bozeramaileak «lanen burutzea bermatuko duen konponbide bat bilatzeko lan egin beharra dagoela» defendatu du, «baita egoera honek eragindako kaltea ahalik eta txikiena izateko ere».

Bertzalde, topaketa hau Geroa Bairen hautetsiekiko «gardentasun jarduna» dela adierazi du, eta «Nafarroako Gobernuko Obra Publikoetako erantzuleek eskualdean bilera egitea eskatzen dugu», proiektu honen inguruan dagoen ziurgabetasunak eta kezkak hala eskatzen baitute.

Azaldu duenez, «hemen bizi direnei helarazi nahi izan dieguna zera da, Geroa Baik eskualdeko beharrizanei erantzuna emango dien irtenbide bat lortzeko lan egingo duela eta obrak amaitu ahal izateko bermeekin izanen dela, Belaten orain arte egondako arazoak eta bere kudeaketak lanetan atzerapenak ekarriko dituztela baitakigu, eta kalte hori eskualdearentzako ahalik eta txikiena izan behar dela uste dugu».

Horregatik, Belateko tunelak bikoizteko lanak geldiaraztearen ondorioak analizatu behar direla deritzo, baita, obraren tramitazioan eta exekuzioan zehar hartutako erabakietatik eratorri daitezkeen erantzukizunak mahai gainean jarri ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun