Berako Altzate karrikan eta erdigunean bizi den trafikoaren arazoa ezagutzeko, Nafarroako Parlamentuko Lurralde Antolaketa Batzordeko ordezkariak Berara etorri ziren asteazkenean, udalak egindako gonbidapenari erantzunez. NA-1310 zeharbideko eta errepide honek NA-4410 izanen duen loturaren obrak ikusiko dituzte eta udal ordezkariek mugikortasun aldetik dauden beharrak azaldu zizkieten parlamentariei. Esteban Agirrek, hirigintza zinegotziak, bilkurari buruzko balorazio ona egin du, parlamentariak arazoaz jabetu zirelako, eta lanen bigarren fasea egin ahal izateko 5 milioi euroko finantziazioaren beharraz mintzatu ahal izan zirelako.
Bertan aipatu zituzten datuen arabera, egunero 4.300 ibilgailu pasatzen dira Altzatetik, gehienak, 2.600 inguru Dantxarinerako bidean eta bertze 1.100 bat Ibardinerako bidean. «Trafiko guzi hori herrigunetik pasatzea ez da jasangarria eta, horregatik, behar beharrezkoa da saihesbidea», aipatu zuten udal ordezkariek. Lan hau interes estrategikoko proiektua izendatzea eskatu diote parlamentuari eta Nafarroako Gobernuak lanen finantziazioa bere gain hartzea.