Haur, gazte eta helduentzako entrenamenduak antolatu ditu Manttalek

Ttipi-Ttapa

Manttale Ttikiko haurrak Berako elizako eskaileratan. 

Manttale Mendi Lasterketa Taldea prest da denboraldi berria hasteko. Manttale Ttiki eskola, adibidez, larunbat honetan hasiko da eta gazteen entrenamenduei ortzirale honetan emanen die hasiera. 

Manttale Ttiki eskola 2016 eta 2021 urteen artean (biak barne) jaio diren haurrentzat izanen da. Entrenamenduak larunbat honetan, urriaren 3an, hasiko dituzte eta larunbatero izanen dira, 10:00etatik 12:00etara, Berako kiroldegian. Informazio gehiago nahi izanez gero, manttalettiki@gmail.com helbidera idazten ahal da.

Manttale Gazteak taldea ere, entrenamenduekin hasiko da. Ortzirale honetatik aitzinera, urriaren 2tik aitzinera, ortziraletan izanen da, Berako kiroldegian. Taldea 15 urtetik beheitikoei zuzendua da.

Gainera, urriaren 10ean, larunbatean, 16 urtetik goitiko pertsonentzako entrenamendua eginen dute, lasterka egiten hasi nahi dutenentzako edo dagoeneko lasterka aritzen direnentzako. Hitzordua 10:00etan izanen da Alkaiagako industrialdeko frontoitik abiatuta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun