[ARGAZKIAK] Joxepa Mindegiari ezusteko omenaldia egin dio Beti Gaztek Mastegin

Ttipi-Ttapa

Lesakako Beti Gazte elkarteak ezusteko omenaldia eskaini zion larunbatean Mastegin Joxepa Mindegiari, azken 28 urteetan futbol talde guzien kamisetak garbitu, lixatu eta txukun-txukun antolatu dituen emakumeari. Zuzendaritza batzordeak bazkaria izan zuen eta bazkaltzera gonbidatu zuen Joxepa, gero Gipuzkoako Ohorezko Mailako talde nagusiak Mastegin Ordiziaren kontra jokatu behar zuen partida ikusteko. 

Baina Mastegira hurbildutakoan hartu zuen sorpresa, Beti Gazteko harrobiko hainbat taldeetako jokalariek eta Beti Gazteko eta Ordiziako talde nagusietakoek egindako pasilloan sartu baitzen futbol zelaira, harmailak betetzen zituzten ikusleen txalo artean. Gainera, Ander Abuin presidentearen eta Argiñe Ordoki zuzendaritza batzordeko kidearen eskutik lore sorta, Beti Gazteko zapia eta besarkadak hartu zituen. Ohorezko sakea egin zuen hunkiturik Joxepa Mindegiak eta Beti Gazteko jokalariekin eta familiarekin argazkiak atera zituen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun