Goizean, Lesakako plaza inguruan mugimendu handia izan zen. Karro kanpoa jarria zuten eta pintxoak eta materialak salgai paratu zituzten, Elutxa txarangak giroa jartzen zuen bitartean. Eneko Fernandezek bertso bat ere kantatu zuen eta Lesakako Udalak, herritarren izenean, oroigarria eman zion Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko sortzaile eta lehendakaria den Laura Igantzi herritarrari. Nafarroako Gobernuko Ana Ollok ere zenbait solas egin zituen, Ameriketan ibilitako artzainen lana goraipatuz. Plazatik elizara joan ziren artzainak eta senideak, zaldunak eta ezpata dantzariak gidari zituztela. Mezan, gero bazkalondoan bezala, Menditarrak taldeak eta Erramun Martikorenak kantatu zuten. Mezatik aterata Zubigainekoa dantzatu zuten herriko ezpata dantzari ttikiek, high ball-a dastatzeko aukera ere izan zuten eta gero, aipatu bezala, 450 bat lagun bildu ziren giro ederrean, bazkari herrikoian.