Lesakako III. Kantu Zaharren Egunerako txartelak erosteko hondarreko egunak dira

Ttipi-Ttapa

Aurten ere kantu eta bertso artean pasatuko dute eguna Lesakan, urriaren 10ean. Alondegiko arkupetan eginen den bazkarirako txartelak salgai daude dagoeneko.

Lehen bi urtetako arrakastaren ondotik, Lesakako III. Kantu Zaharren Eguna antolatu du herriko kantuzale talde batek, Lesakako Udalaren, Beti Gazteren eta bertze zenbait enpresaren laguntzarekin. Urriaren 10ean eginen da ospakizuna eta aurten, berrikuntza bezala, Alondegiko arkupetan eginen dute bazkaria eta ez Koxkontan. Txartelak irailaren 21etik 30era salgai paratu dituzte Telletxea estankoan eta Izarra okindegian, 55 eurotan.

Urriaren 10ean eginen duten ospakizuneko bazkaria Alondegiko arkupetan eginen dute aurten eta txartelak irailaren 30era arte eskura daitezke

Egitarauari dagokionez, urriaren 10ean, larunbatean 12:00etan kalejira eginen dute herrian barna eta 14:00etan bazkaria izanen dute Alondegiko arkupetan. Musika kontuetarako Jalisco, Beñat Mitxelena eta Frantzisko Santxotena izanen dituzte eta bertsolariak ere ariko dira. Sariak zozketatuko dituzte. Menuan, urdaiazpiko kroketak, entsalada mistoa, itsas zapoa baratxuri olio errearekin eta okin erako patatekin, aratxe-masail gisatuak saltsan patata purearekin, etxeko torradak (torrijak), edaria, kafea era txupitoa izanen dute. Ilunabarrean, berriz, pintxoak emanen dituzte, Santxotenak alaituta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun