Aspaldiko hilabeteetan herriko hainbat karriketan azpiegitura lanak egiten ari dira Beran, baita saihesbideko lehen fasea ere. Lanak aitzineratuak daude eta aste honetan, mugikortasunarekin lotutako bi hitzordu garrantzitsu ditu udalak. Alde batetik, mugikortasun planaren idazketan ari den Lekustudioren eskutik, Berako mugikortasun planaren helburuak aurkezteko bilera eginen dute irailaren 29an, asteartean 18:30ean Berako kultur etxean. Ekimenaren aurkezpena egiteaz gain, herritarrek egin ditzaketen proposamenak eta iradokizunak jasotzea da bileraren helburua.
Bertzeak bertze, gai hauek landu nahi dituzte: Ibilgailuen trafikoa zeharbideetan (Bidasoa/San Esteban karrika, Eztegara pasealekua, Altzate/Itzea/Illekueta karrika); oinezkoak eta ibilgailuak batera egoteko arazoak karrika estuetan, hala nola Legian, Julio Caro Barojan, Ugalzubian…; trafikoaren egoera Altzate karrika berriro irekitzen denean; trafikoaren egoera Eztegara-Matzada konexioa irekitzen denean; Kaxernarako sarbideak eta beratarrek ikus ditzaketen bertze arazoak.
Parlamentarien bisita asteazkenean
Bertze aldetik, Nafarroako Parlamentuko Lurralde Antolaketa Batzordeko ordezkariek bisita eginen dute Berara irailaren 30ean, asteazkenean. NA-1310 zeharbideko eta errepide honek NA-4410 izanen duen loturaren obrak ikusiko dituzte eta udal ordezkariek mugikortasun aldetik dauden beharrak azalduko dizkiete parlamentariei.