Bestak 2026

[ARGAZKIAK] Besten aitzineko asteburu emankorra izan dute aurten ere Igantzin

Ttipi-Ttapa

Ohi bezala, herriko besten aitzineko asteburu mugitua izan dute Igantzin. Hainbat lehiaketa eta txapelketaz gain, herriko dantza taldearen emanaldia ere ederra izan zen, bertze zenbait ospakizunekin batera. Argazkiak: Oskar Txoperena

Argaratebereko Maixe Lizardik irabazi zuen gazta lehiaketa, Aiert Retegik plater tiroketa, Jokin Mitxeok eta Peio Migelenak frontenis txapelketa; Lizar Seinek eta Xabi Alberdik mus txapelketa eta Marisol Dorronsorok eta Felixa Goienetxek partxis lehiaketa

Larunbat goizean plater tiroketa eta gosaria izan ziren Mukiegiko ehiztarien bordan. Saridunak Aiert Retegi Telletxea, Iñigo Telletxea Etxeberria eta Joritz Eugi Urtxegi izan ziren, hurrenez hurren. Ondotik goiza indarrarekin segitzeko gosari ederraz gozatu ahal izan zuten.

Herrian, bitartean, fronteniseko finalak jokatu ziren. Jokin Mitxeo Etxeberriak eta Peio Migelena Valverdek eraman zuten txapela, final nagusian Lander Etxenike Guerrari eta Aimar Zamora Zelaietari irabazita. Hirugarren posturako lehian, Enaitz eta Urko Telletxea Sein anaiek irabazi zieten Mikel Urtxegiri eta Urtzi Loiarteri. Ondotik, Biltoki Elkarteak beraientzat prestatutako bazkariaz disfrutatzeko aukera izan zuten.

Arratsaldean, Baratzondo elkartean mus eta partxis txapelketak jokatu zituzten. Hamar bikotek parte hartu zuten musean eta zortzi bikotek partxisean. Museko irabazleak Lizar Sein Arburua eta Xabi Alberdi Elgorriaga izan ziren eta partxisean, berriz, Marisol Dorronsorok eta Felixa Goienetxek eraman zuten lehenbiziko saria.

Ilunabarrean herriko dantza taldearen txanda izan zen eta, urtero bezala, saio ikusgarria eskaini zuen. Dantzari ttiki, ez hain ttiki, gazte eta helduak urte guztian egindako lanaren fruitua erakutsi zuten. Goi mailako saioa oraingoan ere!

Gazta lehiaketan Argaratebereko Maixe Lizardi garaile

Igandean Gazta lehiaketarekin hasi zen goiza eta, epaimahaikideek hala erabakita, Argaratebereko Maixe Lizardiren gazta izan zen onena. Bigarren Txori-Tokiko Justa Sein gelditu zen eta hirugarren Antsoneberriko Enkarna Etxeberria. Arratsaldean, herriko trikitilari gazteek ere karrikabuelta egin zuten kankailu eta buruhandiekin batera, karrikak musikaz betez. Ondotik beraien emanaldia ere egin zuten eta bukatzeko merezitako otordua. Igandeari akabaila emateko Anuntxik, Txipik, Beñatek eta Korpusek prestatutako opilak eta goizean txapelketan parte hartutako gaztak dastatzeko aukera izan zen. Goxoak batzuk zein bertzeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun