Argi zinez ederra du Lesbosek; zerua gorriz eta itsasoa arrosaz tindatzen dituzte egunero egunsenti eta ilunabarrek. Egeo itsasoak inguratzen ditu irlako lurrak: olibondoak, granadondoak, pinudiak, erromeroa... Ur gardenezko hondartzak eta kostalde zabalak xarmangarri egiten dute Mediterraneoko txoko hau. Horixe bilatzen du, preseski, bertara hegazkinez edo ferryz hurbiltzen den turista andanak.
Horretaz gain, kokapenak ere erakargarri bihurtzen du Greziako irla. Ipar eta ekialdeko kostara hurbiltzen bazara, parez pare ageri da Turkia, kilometro gutxi batzuetara. Baina horrek bertze jende mota bat erakartzen du; horiei berdin zaie hondartza, ur gardena, irlako edertasuna... Azken horiek bizi duin baten bila ailegatzen dira, Afrika edo Ekialde Ertainetik Turkiaraino, aunitz oinez, ezkutuan, tarteko herrialdeak mendiz zeharkatuz eta azkeneko zatian itsasoa gurutzatuz, jendez gainezka dauden hala moduzko ontzietan.
Lehenbiziko jende mota, turistak, esku zabalik hartzen dituzte Europako txoko honetan. Bigarrenek, beraien herria utzi beharrean heldu direnek, aldiz, bertzelako tratu bat jasotzen dute: ailegatutakoan, kontrolatutako kanpamentu itxi batera bideratzen dituzte; Mitilene hiriburu ondoko Kara Tepera. Hantxe biziko dira, hesiz eta alanbre arantzadunaz inguratuta, itsasoaren kontra dagoen eremu soil eta haizetsu batean, Greziako gobernuko burokrazian galduta, handik ateratzeko baimena noiz emanen dieten esperoan. Batzuek urteak emanen dituzte zain.
Europan bidaiatzeko baimena lortzen dutelarik, aunitzek Alemania hautatzen dute balizko bizileku gisa, etorkinentzako babes-politika malguenak omen baitituzte bertan. Baina behin aukeratutako herrialdera ailegatuta, tokiko bizileku-baimena lortu beharko dute, bertzenaz, Greziara deportatu eta berriz hasi beharko dira. Buklean, beraien helburutik hain hurbil eta hain urruti aldi berean.
Halako kanpamentu eta pertsonek, nonbait, irla itsusten dute, eta begi itsuek negarrik egiten ez dutenez, bertako hesiaren inguruan porlanezko murru altu bat eraiki dute, hautsa alfonbra azpian gordetzeko asmoz. Gainera, mendi aldera mugituko dute kanpalekua; gisa horretan, ez dituzte ez Mitilene ez inguruko errepideak zatartuko.
Uda honetan, egoera horren berri izateko aukera izan dut, Zaporeak GKEarekin Lesbosera joan naizelarik. Zaporeak-en bidez, kanpamentuko jendearentzako otordu bero bat prestatzen da egunero, egunean behin gobernuak ematen dien janari eskasarekin ez baitute aski, eta errefuxiatu zein asilo-eskatzaileei ere, nahi izanez gero, aukera ematen zaie bertan parte hartzeko, janari truke. Beraz, nire aletxo xumea paratzeko asmoz eta egindako lanak Europara laguntza eske etorri den jendearen egoera pix-pixka bat goxatzen ahalko duelakoan, harat joan naiz GKE euskaldunaren sukaldera lan egitera, hiru astez. Bertan, Euskal Herriko boluntarioez gain, Iran, Afganistan, Hego Sudan, Palestina, Etiopia, Kurdistan eta hainbat herrialdetako jendearekin lan egiteko aukera izan dut.
Nik ezagututako kanpamentuko pertsonek kolpez uxatu dizkidate ezjakintasunak sortutako aurreiritzi guziak. Denak izan dira umilak, langileak, maitagarriak, esker onekoak, begirunetsuak... Horietako batek, Etiopiako Mahderrek, bere bidaia kontatu dit, eta Europan askatasuna dagoela aipatu dit, horregatik etorri nahi duela honat. Eta nola erran honaino ailegatzeko hainbertze sufritu duen norbaiti hori ez dela halako egia absolutua. Nola erran xuriok, akaso, beraiek bilatzen duten askatasun delako hori izaten ahal dugula, baina beraiek hagitz zail izanen dutela. Nola erran eskuin muturra goiti eta goiti joaki dela Europan, eta horrek bere ametsa are gehiago zailduko duela. Nola erran ultraeskuindarren diskurtsoak gizarte ez eskuindarra ere zipriztintzen duela. Nola erran Europak ez duela bera hemen egoterik nahi; akaso, eskaintzen ahal duen eskulan merkeaz aprobetxatuko dela, baina, iatsu ezinezkoa izanen duela xurion delako ongizate estatuan sartzea. Nola erran poliziak jazarriko duela. Nola erran xuriak berekoiak garela, mesfidatiak, ez ditugula gure pribilegioak partekatu nahi. Mahder engainatu nahi izan ez nuenez, baina bere ametsa zapuzteko beldurrez, hauxe erran nion nire ingeles kaxkarrean: «in Europe we have a kind of freedom, but it won’t be easy to get it».
Ez nuke saminez akabatu nahiko kontaketa hau, izan ere, hiru asteko tarte honetan bizitakoa, niretako dena izan da positiboa, zapore goxokoa. Eta, kontraerranak kontraerran, iduritzen zait denon gizatasun eta ttikitasunetik gauza handiak egiten ahal direla; erraterako, eguneko otordu bero bat.