Etxalarko Sute Elkarteak 150. urteurrena ospatuko du igandean

Ttipi-Ttapa

Etxalarko Sute Elkarteko kideak, Oronozko suhiltzaileen parkera egindako bisitan.

Etxalarko Sute Elkarteak 150 urte bete ditu aurten eta hori ospatzeko, egun berezia antolatu dute irailaren 20rako.

Igandean, 10:00etan, Etxebizitzako suteetan suhiltzaileei nola lagundu hitzaldia izanen da kultur etxean, Oronozko suhiltzaileekin. 11:30 aldera, elkarteko mangerak erabiltzeko tailer praktikoa eginen dute presan eta 13:00etan, su itzalgailuak erabiltzen ikasteko tailerra, plazan. Goizean, Oronozko suhiltzaileen parkeko kamioi bat eta elkarteko motoponpa zaharra egonen dira plazan ikusgai eta informazio puntua ere paratuko dute. 14:00etan bazkideek bazkaria izanen dute Herriko Ostatuan.

Lehen estatutuak 1876koak

Etxalarko Sute elkartearen lehenengo estatutuak 1876. urtekoak dira eta hainbertze urtez aldaketak izan diren arren, oraindik martxan da, suteen aitzinean elkarri laguntzeko elkarte hau. Gaur egun, 160 bazkide inguruk osatzen dute elkartea eta 220 etxe inguru daude bertan eta urtero ospatzen den batzar orokorrean hartzen dira elkarteko erabakiak. Zorionez, azken urteetan sute guttiago dauden arren, azken 40 urtetan 12 baserri, etxe eta borda inguru lagundu ditu elkarteak.

Elkartearen helburu nagusia, etxe-suteetan ekonomikoki elkar laguntzea den arren, su itzalgailuak errebisatzeko zerbitzua eta sua itzaltzeko baliabideak ere baditu (mangerak herriko bi lekutan eta mendi suteetan laguntzeko palak, auzo ordezkarien etxeetan) eta aurten gainera, suteetan modu antolatuan laguntzeko protokolo bat ere sortu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun