Larunbat eguerdian Konpaneko zubitik botako den txupinazoarekin hasi eta igande arratseko pintxo dastaketarekin bukatuko dituzte
Irailaren 19an, larunbatean, 12:00etan botako dute altxaferoa Konpaneko zubitik eta segidan erraldoiak eta buruhandiak ibiliko dira auzoan gaiteroekin. 13:00etan, berriz, herri kirol saioa eginen dute. Hori bukatzean, auzotarren arteko bazkaria izanen dute karrikan. Txartelak Auzoa ostatuan izan dira salgai, irailaren 2tik 12ra.
Bazkalondoan, 16:30ean haurrentzako jokoak izanen dituzte, zankuak, toka… Segidan, 18:00etan mus txapelketa izanen da Auzoan, beti bezala, sari ederrekin. Izen ematea 17:30etik aitzinera egin daiteke eta bazkarian daudenek 10 euro ordaindu beharko dute eta bazkarian ez daudenek 20 euro. Sariei dagokienez, txapeldunek 150 euro irabaziko dituzte, bigarrenek bi otordu Auzoan eta bi botil ardo eta hirugarrenek bi botila ardo eta gasna.
19:00etan Bera Kantarikoak ariko dira auzoan barna kantuan. 20:30ean zezensuzkoa izanen dute eta, borobiltzeko, dantzaldia izanen da 22:00etan DJ Perryrekin.
Igandean gehiago
Irailaren 20an, igandean izanen dute segida bestek 12:00etan Irigoitian eginen duten auzoko mezarekin. 12:30ean urezko zezenak izanen dira haurrentzat, Larun Haizpe elkartearen eta Konektomaren laguntzarekin. 16:00etan haurrentzako jokoak eginen dituzte eta 18:30ean Gure Txokoa Dantza Taldearen ikuskizuna izanen da.
Bestak borobiltzeko, 20:30ean pintxo dastaketa izanen da. Pintxoak eraman nahi dituztenek, 20:00ak baino lehen utzi beharko dituzte txosnan.