Larun Haizpek azoka eguna eta tombola antolatu ditu irailaren 12an 20.urteurrena ospatzeko

Ttipi-Ttapa

Azoka, tonbola ta giro ederra irailaren 12an Berako Larun Haizpe elkartearen eskutik.

Berako Larun Haizpe elkarteak 20 urte betetzen ditu aurten eta azoka eguna eta tonbola antolatu ditu, bertzeak bertze, irailaren 12rako. 9:00etan hasi eta iluntze arte iraungo du antolatutako egitarauak, tartean, 18:00etan, tonbola izanen da kiroldegian.

Publiko guztiarentzat eskainiko den pilates eta kickboxing saioekin hasiko da eguna goizeko bederatzietan. Ondotik, 10:00etan, merkatua irekiko dute bertako merkatari eta zerbitzuek, eta jatekoaz eta edatekoaz gozatzeko aukera ere egonen da jarriko duten barran, pintxo bereziak tarte. 12:00etan herri kirolak izanen dira eta 13:30ean Gure Txokoa dantza taldeak emanaldia eskainiko du. Goizetik ilunabarrera arte, kale animazioa izanen da harat eta honat herritik bueltaka gaitero eta trikitilariekin.

Arratsaldean, haurren txokoa irekiko dute 16:00etatik aitzin, aktibitateak, jolasak eta animazioak eskainiz herriko txikienentzat eta azkenik, 18:00etan, tonbola eginen da kiroldegian. Telebistak, etxetresnak, bidaiak eta abar luze bat egonen dira jokoan berako herritarren artean. Opariak jasotzeko bertan egotea beharrezkoa dela adierazi du elkarteak. 

Eguna borobiltzeko dj sorpresa egonen dela ere iragarri dute. 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun