Bortz herrietako udal ordezkariak eta Martin Aramendi UEMAko lehendakaria bildu ziren atzo Arantzako plazan egindako agerraldian. Haien izenean, Leire Mitxelena Arantzako euskara zinegotziak eta Martin Aramendik hartu zuten hitza. Hasteko, Bortzirietako udalen izenean, Mitxelenak Esnatu dinamikari babesa adierazi zion, eta ondotik, Aramendik ekimenaren nondik norakoak esplikatu zituen.
Aramendik azpimarratu zuenez, «UEMAk kezka handia du datu soziolinguistikoek arnasguneetan erakusten duten gainbeherarekin, eta arduraz bizi du azken ikerketek hurrengo urteotarako aurreikusten duten galera. Guk argi dugu arnasguneak eta lurgune euskaldunena giltzarriak direla euskararentzat, eta eremu horiek babestea eta sendotzea ezinbestekoa dela, euskararen lurralde osoan eragin dezaten eta euskararen biziberritzean motor izan daitezen». Horri erantzunez, otsailean, Lurralde Estrategia euskararentzat proposamenaren oinarria aurkeztu zuten, eta apirilean Esnatu dinamika. Geroztik eskualdez eskualde eta herriz herri zabaltzen ari dira ekimena, eta Bortzirietan ere bat egin dute. Horregatik, hain zuzen, eskerrak emateko probestu zuen hitzordua Aramendik: «Eskerrik asko bidelagun izateagatik eta euskararen lurguneari Bortzirietatik arnasa emateagatik, orain arte bezala».
'Arantza arnasgune' panela
Atzoko agerraldian, Arantza arnasgune panela ere aurkeztu zuten. Mitxelenak oroitarazi zuenez, «Arantza dugu Bortzirietako arnasgune bete bakarra. Hizkuntzak erabat ardazten gaitu herritarrak, eta jabetzen gara horrelako espazioak zein garrantzitsuak diren euskararentzat. Hemen euskaraz arnasten dugu, eta euskarak arnasa hartzen du. Horixe adierazi nahi izan dugu herrigunean paratu dugun panelean, bertara heldu diren guziak jabetu daitezen euskararentzat aski garrantzitsua den toki batera etorri direla».
Ernatu zikloan hitzordu gehiago
Atzokoa dinamikarekin bat eginez, Bortzirietan antolatu duten Ernatu zikloaren hasiera baino ez zen izan. Hitzordu gehiago izanen dira.
- Irailaren 10ean, ortzeguna, Irati Urdalleta kazetariak ondu duen Euskaldunak, etxean arrotz dokumentala ikusteko aukera izanen da Etxalarko Pello Apezetxea Kulturgunean, 19:00etan. Emanaldiarekin batera, egilearekin solasaldia ere izanen da. Dokumentalean euskaldunek euskaldun izate hutsagatik jasan izan dituzten eta gaur egun ere jasaten dituzten zapalkuntzak islatzen dira.
- Irailaren 13an, igandea, Imanol Epelderen Zerbait sartu zait begian ikuskizuna izanen da, Lesakako Eskolttiki aretoan, 19:30ean. Musika, hitza eta irudia nahasten dituen performance garaikidea da Epeldek aurkeztuko duena. Bizimoduaren abiadura, naturarekiko deskonexioa, zoriontasunaren bilaketa amaigabea, maskulinitatea eta euskara umorez nahasten ditu, publikoa hunkituz eta hausnarrera eramanez. Ekitaldia doakoa bada ere, aitzinetik gonbidapena eskuratzea beharrezkoa da.
- Irailaren 17an, ortzeguna, Bortzirietako eragileak elkartuko dituen foroa eginen dute Igantziko Baratzondo elkartean, 19:00etan, UEMAko Irati Odriozola teknikariaren eskutik. Mitxelenak argitu zuenez, «hauxe da, gainera, dinamika honen funtsa, eskualdeko mota guzietako elkarte, talde, erakunde eta eragileen babesa bilatu eta konpromisoak bildu nahi baitira, lurgune euskalduna sendotzeko eta euskararen biziberritzea hauspotzeko helburuarekin».
- Irailaren 24an, ortzeguna, Garikoitz Goikoetxeak Esnatu ala hil hitzaldia eskainiko du, Berako Beralandeta eraikinean, 19:00etan. Goikoetxeak euskararen egoera soziolinguistikoaren inguruan egindako azken ikerketek utzitako emaitzak eta epe ertainera aurreikusten den bilakaera azalduko ditu, Iñaki Iurrebasorekin batera iaz argitaratutako Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan liburua oinarri hartuta.
Horrez gain, Bortzirietako udalek iraileko osoko bilkuretan mozio bat aurkeztuko dutela aitzindu zuten atzo, «Esnatu dinamikarekin bat egiteaz gainera, erakunde modura euskararen garapenerako konpromisoak hartuz».