Bestak 2026

Illekuetako bestetako bazkarirako txartelak salgai paratu dituzte

Ttipi-Ttapa 2026ko irailaren 2a

Karrikan eginen den auzotarren bazkarirako txartelak erosteko aukera izanen da irailaren 2tik 12ra Auzoa ostatuan.

Illekuetako auzotarrek bestak dituzte irailaren 19an eta 20an. Aitzinetik, ordea, auzotarren bazkarirako txartelak eskuratzeko aukera izanen dute Auzoa ostatuan, irailaren 2tik 12ra. Bazkalondoan jokatuko den mus txapelketa jokatzeko 10 euro ordaindu beharko dute bazkarian daudenek eta 20 euro bazkarian ez daudenek.

Illekuetako bestetako egitaraua

Irailaren 19an, larunbatean, 12:00etan botako dute altxaferoa Konpaneko zubitik eta segidan erraldoiak eta buruhandiak ibiliko dira auzoan gaiteroekin. 13:00etan, berriz, herri kirol saioa eginen dute. Hori bukatzean, auzotarren arteko bazkaria izanen dute karrikan. Txartelak Auzoa ostatuan izanen dira salgai, irailaren 2tik 12ra. Bazkalondoan, 16:30ean haurrentzako jokoak izanen dituzte, zankoak, toka… Segidan, 18:00etan mus txapelketa izanen da Auzoan. 19:00etan Bera Kantarikoak ariko dira auzoan barna kantuan. 20:30ean zezensuzkoa izanen dute eta, borobiltzeko, dantzaldia izanen da 22:00etan DJ Perryrekin. 

Irailaren 20an, igandean, izanen dute segida bestek 12:00etan Irigoitian eginen duten auzoko mezarekin. 12:30ean urezko zezenak izanen dira haurrentzat, Larun Haizpe elkartearen eta Konektomaren laguntzarekin. 16:00etan haurrentzako jokoak eginen dituzte eta 18:30ean Gure Txokoa Dantza Taldearen ikuskizuna izanen da.

Bestak borobiltzeko, 20:30ean pintxo dastaketa izanen da. Pintxoak eraman nahi dituztenek, 20:00ak baino lehen utzi beharko dituzte txosnan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun