Ongi bukatu eta ongi hasi dute denboraldia Baxi Basajaunako disko golf jokalariek

Ttipi-Ttapa 2026ko irailaren 1a

Uztailean bukatu zen 2025-26 denboraldiko Espainiako Kopa. MP50 kategorian txapeldun eta txapeldunorde izan ziren Baxi Basajaunako Iñaki Gonzalez eta Toni Negrete.

Igantziko Baxi Basajauna elkarteko kirolariek uztailean bukatu zuten 2025-2026 denboraldia. Ez nolanahi gainera, elkarteko bi jokalarik, Iñaki Gonzalez Olaizolak eta Toni Negretek, Espainiako Kopako MP50 kategorian lehenbiziko eta bigarren postua eskuratu baitzuten, hurrenez hurren.

Urriaren 9tik 11ra Igantziko Irrisarrin jokatuko den Espainiako txapelketa ere prestatzen ari dira

2026-2027 denboraldia, berriz, abuztuaren 22an eta 23an Lekunberrin jokatu den Aralar Desafioarekin abiatu da, Espainiako Koparako baliagarria den lehenbiziko proba, hain zuzen. Baxi Basajauna Elkarteko hiru jokalarik hartu zuten parte: Iñaki Gonzalez MP60 kategorian eta Ion Juguera eta Fernando Zabalza MA4 kategorian. Hirurak podiumera igo ziren; Iñaki Gonzalez txapeldun izan zen eta Ion Juguera bigarren eta Fernando Zabalza hirugarren. Iñaki Gonzalezek txapelketako bigarren txartel onena egin zuen, bere maila erakutsiz.

Lekunberrin jokatutako Espainiako Kopako lehen proban, Baxi Basajaunako Iñaki Gonzalez nagusitu zen MP60 kategorian eta Ion Juguera eta Fernando Zabalza bigarren eta hirugarren izan ziren MA4 kategorian.

 

Lekunberriko probaren ondotik, Espainiako Koparen zazpigarren edizioak bertze bortz proba izanen ditu: irailaren 26an eta 27an Santiagon VI Open Xacobeo; urriaren 3an eta 4an Bilbon IV. Bizkaiko Irekia; azaroaren 28an eta 29an Madrilen Intermad 5.0, martxoaren 6an eta 7an Chipionan (Cadiz) jokatuko den txapelketa eta uztailaren 3an eta 4an Oviedoko VII. Irekia.

 

Espainiako Txapelketa urriaren 9tik 11ra Igantzin

Aipatzekoa da aurtengoan Espainiako Disko Golf Txapelketa Igantziko Irrisarriko zelaian jokatuko dela urriaren 9tik 11ra eta horren antolaketan ere hasia da Baxi Bajauna elkartea.

Disko golfean Lesakako Mugi udalekuan.

 

Disko golfa Lesakako udalekuetan

Lesakako Kirol Udalekuetan aurten disko golfa sartu dute. Baxi Basajaunako Mikel Ibarrola Lesakako Mugi udalekuko Ganix Arruti monitorearekin egon zen eta azalpen batzuk eman zizkion. Saio bat prestatu ondotik, kirol udalekuetan disko golfean jostetan gustura ibili dira haurrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun