'Ernatu' zikloa jarriko du martxan Bortzirietako euskara zerbitzuak iraila osoan zehar

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 31

Herritarrak ernatu eta euskara hauspotuko duen iratzargailua jotzeko puntuan Bortzirietan.

Euskal Herriko eremu euskaldunenetan ere euskara gibelera egiten ari dela ikusi da azken ikerketetan. Gibelera pauso hauen aitzinean, 'Esnatu' deituriko dinamika sortu du UEMAk aurtengo ikasturte hasierarako. Mota guztietako eragileak batu eta eremu euskaldunek bizirik jarraitzeko konpromisoan murgiltzearen helburuarekin, Bortzirietan 'Ernatu' zikloa antolatu du Bortzirietako Euskara Zerbitzuak. Irailaren 3an hasi eta iraila guztia iraungo duen egitaraua antolatuz. 

UEMArekin elkarlanean Bortzirietako Euskara Zerbitzuak hilabete osoko zikloa prestatu du eremu euskaldunak indarra ez galdu dadin.

Irailaren hirugarrenean, ortzeguna, Arantzako plazan eginda zita 19:00etan, agerraldi bat eginen dute Bortzirietako alkateek eta euskara zinegotziek UEMAko lehendakari Martin Aramendirekin batera. 'Ernatu' zikloa eta antolatutako egitaraua aurkeztuko dituzte bertan, eta, horrez gain, Arantza arnasgune panelaren berri emanen dute. 

Zikloan antolatutako bigarrena, irailaren 10ean izanen da, ortzeguna, Irati Urdalleta kazetariak egin duen 'Euskaldunak, etxean arrotz' dokumentala eskainiko dute Etxalarko Pello Apezetxea Kulturgunean. Ikus-entzunezkoa ematearekin batera, egilearekin solasaldia izanen da bertan eta euskaldunek euskaldun izateagatik jasandako eta jasaten dituzten zapalkuntzen inguruan mintzatzea da asmoa.

Irailaren 13an, igandea, Imanol Epeldek sortutako 'Zerbait sartu zait begian' ikuskizuna eskainiko da. Hau, Lesakako Harriondoa Kultur Etxeko Txokobiko aretoan izanen da 19:00etan. Bizimoduaren abiaduraz, naturarekiko deskonexioaz, zoriontasunaren bilaketa amaigabeaz, maskulinitateaz eta euskaraz hitz egingo du Epeldek umoretik, musika, hitza eta irudia nahasiz eszenatoki berean. Doakoa izanen da sarrera baina lekua hartzea beharrezkoa da ikuskizuna ikusi ahal izateko. 

Bertzetik, irailaren 17an, ortzeguna, Bortzirietako eragileak Igantziko Baratzondo elkartean elkartuko dira,  19:00etan, UEMA-ko Irati Odriozola teknikariaren eskutik foro bat eginez. Eskualdeko era guztietako eragileak elkartzea izanen da honen helburu nagusia, babesa bilatu eta konpromisoak biltzeko helburuarekin batera. Lurgune euskalduna sendotu eta euskararen biziberritzea bultzatzeko nahiaz. 

Azkenik, Garikoitz Goikoetxeak 'Esnatu ala hil' hitzaldia eskainiko du Berako Beralandeta eraikinean, irailaren 24an, ortzeguna. Goikoetxeak bere azken ikerketetan ateratako egoera soziolinguistikoaren inguruko ondorioak kontatuko ditu bertan eta epe ertainera aurreikusten den egoera azalduko du, Iñaki Lurrebasorekin ateratako 'Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan' liburuan oinarrituz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun