Bortziritarrek 'Bortzirietako hizkeraren gidaliburua' doan eskuratzeko aukera izanen dute irailaren 30era arte

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 31

Gidaliburuak bertakoa dugun hizkera sendotzeko baliabideak biltzen ditu

Gaur, abuztuaren 31, eskuragarri paratu dute koaderno antza duen Bortzirietako hizkeraren gidaliburua Bortzirietako bortz herrietan. Gidaliburuak Bortzirietako euskararen ezaugarri nagusienak bateratu eta solastatzerakoan nahiz idazterakoan eta egoera formal eta informalean, bertako euskara erabiltzeko gomendioak biltzen ditu. Nahi duenak doan eskuratu ahal izanen du irailaren 30era bitarte. Ikastaroa ere eskainiko dute. 

Non eskuratu ahal izanen dute bortziritarrek gidaliburua?
  • Arantzako Herriko Etxea (11:00-14:00)
  • Igantziko Herriko Etxea (09:00-14:00)
  • Lesakako Liburutegia (irailaren 14ra arte 09:30-14:30 / irailaren 15etik aitzinera 14:00-20:00)
  • Berako Liburutegia (irailaren 14ra arte 09:30-14:30 / irailaren 15etik aitzinera 14:00-20:00)
  • Etxalarko Pello Apezetxea Kulturgunea (16:00-19:30) 

Presentzialki liburuxka eskuratzeko aukerarik ez duenak Bortzirietako Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jarriz, alea eskuratzeko aukera izanen du: euskara@bortziriak.eus / 948 634 125 / 680 650 650 (WhatsApp-a)

Hizkeraren gaineko ikastaroa

Liburuxkaz gain, gidaliburuan oinarritutako ikastaroa eskainiko dute Bortzirietako Euskara Zerbitzuak eta Bortzirietako Euskaltegiak elkarlanean. Bi egunetarako egin dute deialdia: irailaren 23erako eta 30erako. Bi egun hauetan, bi ordu iraunen duen ikastaro laburra eskainiko dute, 17:00etatik 19:00etara, lau ordu osatuz guztira. 

Ikastaroan parte hartu ahal izateko, irailaren 20a baino lehen hurrengo estekako formularioa betetzea beharrezkoa izanen da:  https://labur.eus/ikastaroahizkera

Ikastaroan matrikulatzeak 30 euro balio du, eta dirulaguntzaren eskaera eginez gero, mankomunitateak ordaindutakoaren %100 bueltatuko dio interesatuari.

Lau zatitan banatuta

Lau zati nagusitan antolatuta dago gidaliburua. Lehenik, Bortzirietako hizkeraren kokapena egiten du euskalkien gaineko azalpen batzuekin batera. Bigarrenez, Bortzirietako hizkeraren ezaugarrietan murgiltzen da adibideak, soinuen ahoskera, izenen eta aditzen formak, perpausak eta hiztegia eta erranerak landuz. Hirugarren zatian, berriz, bortziritarren hizkera nola erabili behar den informazioa ematen du, bai eskribitzerakoan, eta baita solastatzerakoan ere. Eta azkenik, zalantzak argitzeko gomendioekin borobiltzen da lau ataleko gidaliburua. Sortzen diren zalantzak non eta nola argitu azaltzen duen atala. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun