III. Bortzirietako Kopako laugarren eta azken aurreko proba izanen da eta 18:00etan hasiko da
Gwendal Larqué eta Ane Elzaurdia dira Bortzirietako Kopako bi liderrak. Larqué buru da gizonezkoen sailkapenean, 280 punturekin, eta gibeletik ditu Oihan Pikabea eta Haitz Telletxea, biak 234 punturekin berdinduta.
Emakumezkoen kategorian, Ane Elzaurdiak hiru lasterketetatik bi irabazi ditu eta zirkuituko liderra da, 295 punturekin. Bigarren Nahia Pikabea da (260 puntu) eta hirugarren Mirea Ostiz (243 puntu).
Taldeka, Eziñin da lehen sailkatua, 300 punturekin, Zerbezeruk taldearen (280) eta Agerra Runners taldearen (270) aitzinetik.
Heldu den larunbatean, abuztuaren 30ean, Agerran jokatuko den krosa izanen da hurrengo proba puntuagarria. Lehiaketa 18:00etan hasiko da, beheragoko mailetako lasterketekin. Txikiek 150 metroko distantzia beteko dute, aurrebenjaminek 300 metrokoa, benjaminek 400 metrokoa, kimuek 800 metrokoa eta haur mailakoek (infantilek) 1.200 metrokoa.
18:30ean irteera bateratua izanen dute juniorren, seniorren eta beteranoen kategorietako lasterkariek, nahiz eta distantzia desberdinak izan. Juniorrek (gizonezkoak eta emakumezkoak) bi buelta emanen dituzte auzoa inguratzen duen zirkuituan, 2.900 metro.
Senior eta beterano mailetako gizonek zein emakumeek lau itzuli eginen dituzte 5.800 metroko distantzia bete arte.
Izen emateak probaren egunean bertan egin ahal izanen dira irteerako tokian eta doan. Lasterketak bukatzerakoan, sariak banatuko dira.
ORDUTEGIAK:
- 18:00etan. Haurren mailak.
- 18.30ean. Juniorrak, seniorrak eta beteranoak.
IZEN-EMATEAK: irteerako tokian (dohainik)
IBILBIDEAK:
- Txikiak: 150 m
- Aurrejaminak: 300 m
- Benjaminak: 400 m
- Kimuak: 800 m
- Haurren-kategoria (infantilak): 1.200 m
- Juniorrak: 2.900 m
- Seniorrak: 5.800 m
- Beteranoak: 5.800 m