Euskal Artzainak Ameriketan elkartearen hondarreko besta Lesakan eginen dute irailaren 27an

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 25a

Angel Yanci lesakarra, Elkoko (NevadaI rantxo batean ibili zen artzain. Gurasoak omendu nahi ditu Laura Igantzik, Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko presidenteak urte honetako ospakizunean.

Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak antolatutako hondarreko besta eguna eginen dute irailaren 27an Lesakan, Ohore zuri euskal artzaina, ohore zuri atta! lelopean. Hain zuzen, lehenbizikoa ere herrian egin zuten duela hogei urte, 2006an, eta azken besta honekin borobildu nahi dute ibilbidea. Laura Igantzi elkarteko presidenteak, agurreko besta honetan omenaldia eskaini nahi die gurasoei, «beraiek izan direlakoz lan hau egitera bultzatu nautenak».

 

Laura Igantzi elkarteko presidenteak omenaldia eskaini nahi die gurasoei agurreko besta honetan eta bazkarirako txartelak salgai daude dagoeneko

Aurtengo ospakizunak 20 urteko ziklo baten amaiera markatzen du; garrantzi handiko ekitaldia izan da, eta data seinalatua artzain aunitzen eta haien familien egutegietan. Aurtengo topaketa ere arreta handiz prestatu dute, eta elkarteak bermatu nahi du denek oroitzapen zoragarriak eramatea eta eguna merezi duten moduan gozatzea; izan ere, «haien lan gogorra eta Ameriketan utzitako arrasto positiboa omentzeko diseinatutako eguna da. Herrialde horrek aintzat hartu du lan gogorrean, konpromisoan eta zintzotasunean, hitza betetzean, oinarritutako ondarea. Jatorrizko lekuetatik milaka kilometrora egonda ere, tradizioak, hizkuntza eta kultura maite dituen herri baten irudia islatzen du horrek», aipatu digu Laura Igantzik.

Txelo Mitxelena lesakarra, Julian, Beñardo eta Laura seme-alabekin, AEB n.

 

Irailaren 27ko egitaraua

10:00etan ongi etorria eta hamaiketakoa plazan. 1:00etatik 11:45era txaranga, zaldunak, karro kanpoa… 11:45ean mezara ezpata dantzari ttikien gibeletik. 12:00etan Meza, Lesakako Abesbatza, Menditarrak eta Erramun Martikorenarekin. 13:15ean Ezpata dantzariek Zubigainekoa dantzatuko dute, txistulariek lagundurik. 14:00etan high ball eta bazkaria pilotalekuan, Menditarrak eta Erramun Martikorenarekin. 19:00etan bukaera.

Bazkarirako txartelak salgai daude abuztuaren 24tik irailaren 20ra Beran (Maitetxu Leonis), Lesakan (herriko etxea), Sunbillan (Jose Mari Jorajuria), Donezteben (Angie Otxandorena), Arraiozen (Ostatua), Erratzun (Iparla) eta Elizondon (Sobrino ostatua), baita Iruñean, Esteribarren, Aezkoan, Artzibarren eta Donibane Garazin ere. Hain zuzen, hiru autobus ere antolatu dituzte Luzaidetik (07:30ean abitu eta Auritz, Erro eta Iruñetik pasatuko da), Donibane Garazitik (08:00etan abiatu eta Dantxarinea, Ordoki, Elizondo eta Iruritatik pasatuko da) eta Zubietatik (09:00etan abiatu eta Doneztebe, Sunbilla eta Beratik pasatuko da).

2006an egin zen Euskal Artzainak Ameriketan lehen besta Lesakan. Hogei urte beranduago Lesakan bertan itxiko dute ospakizunen zikloa.

 

Jaialdirik gabe baina lanean segituko dute

Laura Igantzik argi utzi nahi du jaialdia antolatzeari utzi badiote ere, Elkarteak lanean jarraituko duela. Aurten, Koldo San Sebastianekin elkarlanean, Erroibar, Malerreka eta Bortzirietako artzainei buruzko hiru liburu argitaratzeko asmoa dute.

Era berean, Aldatzen (Larraun) prestatzen ari diren argitalpen batean parte hartu dute; azken horrek herri horretako emigrazioa du hizpide.

Bertze proiektu batzuk ere badituzte esku artean; beraz, Euskal Artzainak Ameriketan Elkarteak lanean jarraituko du «gure lurraldeak izan dituen enbaxadore bikainenen istorioak nabarmentzeko, sustatzeko eta ezagutarazteko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun