Jaialdiak denetik izan du, giro ederra, tanto onak, kalitatea, baina baita berri txarrak ere bai, lehen partidan, Aldai eta Nahia Bertiz sunbildarra markagailuan 11-6 aitzinetik zirela, Ainhoa Ruiz de Infantek min hartu baitu eskumuturrean eta ezin izan du jokatzen segitu. Puntua, hortaz, Aldai-Bertizek eraman dute eta antolakuntzak lau eta erdiko lehia bat inprobisatu behar izan du, bildu den jendetza gosez gera ez zedin. Lehiaketaz kanpoko kaiolako lehia horretan Nahia Bertiz 18-9 nagusitu zaio Irati Zabalari.
Jaialdiko binakako bigarren partida normaltasunez jokatu ahal izan da eta bertan Etxegarai-Mendizabal 22-14 gailendu zaizkie Goiuri Zabaleta eta Osesi lehia entretenigarri batean.
Jaialdian, gainera, Berako pilota eskolako harrobiko pilotariek herritarren omenaldia jaso dute, orain gutxi Nafarroako txikien Herriartekoa irabazi berri baitute bigarren urtez jarraian.