Bestak 2026

«Etxalarko erraldoi konpartsak, txarangarekin, giro berezia sortzen du»

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 12a

Etxalarko erraldoien konpartsako kideak, Donezteben egindako topaketan. Eskuinetik lehena da Markel Etxarte.

Markel ETXARTE LEIZA, Etxalarko erraldoien konpartsako kidea.

Herriko bestak hasteko gogotsu dago Markel Etxarte Leiza, 23 urteko etxalartarra. Baina erraldoiko konpartsako kide, pilotari eta Baratxuri Beltzak erromeria taldeko tronpeta jotzailea izanik, besta eta lana “uztartu” beharko ditu. «Erraldoiak egunero ateratzen gara –dio– 14ko txupinazoarekin hasten gara, 15eko egun handian ere… 16an, berriz, umeen eguna delakoz hutsa erraldoi ttikiak ateratzen dituzte eta guk, handiok ez dugu ateratzen, deskantso; eta 17an eta 18an berriz ateratzen gara. Egun batzuetan bertzeetan baino gehixeago kostatzen da, baina hor egonen gara. Orain zortzi bat lagun gara erraldoi konpartsan eta horretaz aparte, buruhandiekin ateratzen diren haurrak».

 

Erraldoi bereziak dira Etxalarkoak, umoretsuak… Etxartek dioenez, «besoak altxatu ahal izate horrek badu zerikusia, baina batez ere elkarrekin dugun eta bertzeekin sortzen dugun giroa azpimarratuko nituzke. Bertze erraldoiek beraiek dantza egiten dituzte, baina gu txarangarekin ateratzen gara eta txaranga bat aditzen baduzu, horrekin dantzatu ahal izatea… Niri behinik behin ikusteko eta dantzatzeko gogoa eta poztasun hori sortzen dit».

 

Kirolari ere

Baina kirolean ere fuerte ibiltzen da Etxalarko gaztea: «Mendian ibiltzen naiz lasterka, bai. Uda aldean, beroarekin, bizikletan gehiago ibiltzen naiz, baina besten ondotik, Sarako Kontrabandisten Lasterketa ere prestatzen hasi beharko dugu. Joan den urtean joan ginen eta nahikoa lanekin bukatu genuen, ederki sufrituta. Zazpi kilometro motza zela ustetan joan eta aski luzeak suertatu ziren! Baina bestetan ez dut horretan pentsatuko, gero gerokoak eta fuera! Pilotan ere aritzen naiz, eskuz, eta bestetako txapelketan parte hartzen ari naiz. Ligaxkan ari gara eta 17an jokatuko den finalera ailegatzeko esperantzarekin».

Markel Etxarte Leiza etxalartarra, mendi lasterketa batean.

Asau eguna izaten da Etxalarko bestetako ezagunena eta Etxarterentzat ere «besta guzietako egunik onena da niretako asau eguna, ez dut inoiz hutsik egiten. Goiz goizetik hasten gara erraldoiak ibiltzen, gosaritikan, txarangarekin goiz guzia, eguerdira arte, gero erraldoiak uzten ditugu eta asaura joate hori, kristoren gozada! Txupinazo eguna ere polita izaten da, jendea bestarako gogoekin dago, herri afaria izaten da eta giro polita izaten da. Baina aukeran, Asau Eguna, egun guziko besta delakoz».

 

Baratxuri Beltzak taldean tronpeta jotzailea

Musika ere gogoko du eta Baratxuri Beltzak taldeko tronpeta jotzailea da. «Berako musika bandan ere jotzen dut –aipatu digu–, baina erromeria talde batean nire lehen esperientzia da, diferentea da. Gustura ari naiz. Herriko bestetan ere jotzeko aukera izanen dugu, 17an. Herriko musikariek osatutako taldea gara. Irune eta Itsaso Elizagoien ahizpek Urritzokietako bestetan jo zuten kontzertu ttiki bat eta hura pixko bat zabaltzeko edo, niri galdetu zidaten besta batean eta bestetan, nola ez, dudarik gabe baiezkoa eman nien. Konpromisoa hartu nuen eta hor sartu nintzen eta jende gehiago elkartzen joan gara. Tartean tartean egin ditugu emanaldiak, Beasaingo Garin auzoan, Oñatiko Madalenan, orain Etxalarko bestetan… Sarako Kontrabandisten lasterketan ere, aurten Etxalar eta Ezpeleta gara herri gonbidatuak eta lasterka egitera ez ezik, tronpeta jotzera ere agertu beharko dugu! Irailean Beran jo behar dugu, urrian Zubietan Euskararen Egunean… baditugu emanaldi batzuk».

Baratxuri Beltzak erromeria taldean tronpeta jotzen du Markel Etxartek.

Berari pertsonalki gustatzen zaion musikari buruz galdetuta, «egia erran denetik aditzen dut. Ska taldeak eta horrelakoak gehiago aditzen ditut, baina edozer euskal kanta gustatzen zait» erantzun digu Etxartek. Eta herriko bestetara zein musika talde ekartzea gustatuko litzaizuke? «Aukeran emanda, EH Sukarra».

Abuztu erdialdean bertze hainbat eta hainbat herritan izaten dira bestak, baina ez da inoiz herritik kanpora joan eta ez du horretarako tentaziorik ere izan: «Ez dut behin ere Etxalartik kanpo bestarik egin egun horietan. Nahiko besta da herrian, bertze lekuetara joateko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun