Erasoen aitzinean, autodefentsa feministarako deia egin dute Berako elkarretaratzean

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 3a

Jende aunitz bildu zen larunbat arratsean, besten atarian, Mukixu zubian egindako elkarretaratzean.

Herriko neska batek Nafarroako herri bateko bestetan pairatutako eraso sexista salatu dute eta ez dutela inolako erasorik onartuko adierazi dute

Joan den astean Nafarroako herri bateko bestetan eraso sexista pairatu zuen Berako neska batek. Berako Goldatz Emakume Taldeak, lehenik eta behin «bere babesa» adierazi nahi dio erasotuari eta bere inguru guziari, «zurekin gaude». Irmoki gaitzetsi nahi izan dute gertaturikoa eta Berako besten atarian, abuztuaren 1ean, larunbat arratsean, kontzentrazioa egin zuten Mukixu zubian, «Erasoen aitzinean autodefentsa feminista!» zioen pankartaren gibelean.

Adierazpena

Bertan irakurri zuten adierazpenak honakoa zioen:

«Baionako bestetan 20 sexu erasoren berri eman zuten. Iruñeko Sanferminetan, guttienez 25 sexu eraso salatu ziren, tartean bi bortxaketa eta hainbat saiakera. Lesakako Sanferminetan, indarkeria eta jarrera matxistekin loturiko zenbait gertakari salatu ziren. Berako besten atarian gaude, eta argi dugu, eraso guzti hauek ez direla ekintza isolatuak. Gaur egungo sistema zisheteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonialak sostengatzen eta elikatzen du emakumeon* kontrako indarkeria. Sistema honek, hierarkiaren bidez funtzionatzen du, eta emakumeok* eta gorputz disidenteok zapaltzen gaitu, eta ondorioz, erresistentzia egitera bideratuak gaude. Indarkeria matxista egiturazkoa da. Bestak gozamenerako esparru izan daitezke, baina besten testuinguruan sortzen diren indarkeriak askotarikoak dira. Zoritxarrez, bestetan bazterkeriak, jazarpenak eta erasoak gertatzen dira eta hauek logika patriarkaletan antolatuta egoteak gizontasun eredu biolentoak elikatzen ditu. Besta herrikoi eta feministen alde eginda soilik egon daiteke indarkeriaren kontra. Guk argi diogu: ez dugu inolako erasorik onartuko. Antolatuta gaude, eta urte osoan zehar ari gara lanean gure herria feminismotik eraldatzeko. Aurtengo Berako bestetan puntu morerik egonen ez den arren, indarkeriak gaitzetsiko ditugu, beharrezko erasoak ikusaraziz eta erantzun sozialak emanez. Horretarako, Txosnagunean txanda moreak antolatu ditugu eta txanda oro zapi moreduna daraman kideak egonen dira. Edozein eraso jasan edo ikusiz gero, beregana jo eta landu dugun erasoen aurkako protokolo feminista martxan jarriko dugu. Era berean, jarrera konplize oro ozen salatu nahi dugu. Indarkeria matxista ez da erasotzaile konkretuei loturikoa, eta erasotzaileak erasotzaile izan daitezen konplizitate sare oso bat dago gibelean. Inpunitatearekin hautsi beharra dago, eta gizonek dagozkizuen ardurak hartu behar dituzue, orain! Gu ez gara isilduko. Erasorik ez erantzunik gabe! Antolatzen eta saretzen segituko dugu; elkarrekin borrokan. Erasoen aitzinean, autodefentsa feminista! Gora borroka feminista!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun