Bestak 2026

Ioritz Iguzkiagirrek eta Aratz Leizak irabazi dituzte Arantzako bestetako egitarauaren azal eta kontrazal lehiaketak

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 31

Aratz Leiza Iturria eta Ioritz Iguzkiagirre Irigoien, lan irabazleak eskuetan dituztela.

Dagoeneko zabaltzen hasia den Arantzako bestetako egitarau lehiaketako azala eta kontrazala ilustratzeko, eskolako ikasleengana jo dute aurten ere udalak eta besta batzordeak. Denetara 60 marrazki bildu dituzte: 27 marrazki hamar urtera bitartekoen kategorian (azala aukeratzeko), eta 33 marrazki 10 eta 14 urte bitartekoen artean (kontrazala aukeratzeko). Horien artean, Ioritz Iguzkiagirre Irigoienen lana aukeratu dute azalerako eta Aratz Leiza Iturriarena kontrazalerako.

Herri bazkariko txartelak abuztuaren 8ra arte erosten ahal dira

Txupinazoaren ondotik hartuko dute saria. Eta horiek eta gainerako lanak bestetako lehenbiziko egunean gorapean paratuko dituzte ikusgai, 18:00etatik aitzinera.

Udalak eta besta batzordeak adierazi dutenez, herriko gaztetxoek «irudimenez eta kolorez bete dituzte euren marrazkiak» eta «lan ederrak» aurkeztu dituzte, «bestetako musika, dantza, kirol eta hainbat ekitalditan oinarrituta». Eta denei eskerrak eman nahi izan dizkiete.

Herri bazkarirako txartelak abuztuaren 8ra bitarte

Abuztuaren 13tik 16ra izanen dira Arantzako bestak. Arantzako Dantza Luzearen erakusleek botako dute aurten txupinazoa, aritutakoak eta gaur egun erakusten aritzen direnek. Gainerakoan, besten baitan, herri bazkaria lehenbiziko egunean izanen da eta bazkarirako txartelak herriko ostatuetan daude salgai, 40 eurotan. Erosteko hondarreko eguna abuztuaren 8a izanen da.

Bertzetik, egun horri begira, kamisetak atera ditu Gazte Asanbladak. Arantza Rock berriz ere martxan paratzen saiatu nahi dute gazteek eta eta horretarako atera dituzte kamisetak, haurrentzat eta helduentzat. Abuztuaren 13an jaunzteko deia egin diete herritarrei.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun