«Etorkizunean, Suitzan ikasitakoa Euskal Herrira ekarri nahi nuke»

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 8a

Maite Odriozolak Suitzako bazterrak ezagutzeko ere baliatu du egonaldia.

Musika «afizio eta ofizio» ditu Maite ODRIOZOLA MUXIKA lesakarrak. Hala dio berak. Baditu bertze afizio batzuk ere, «leitu, mendia...», baina horien gainetik musika dago.

Bortz urte zituenetik dabil horren bueltan. Orduan hasi zen herriko musika eskolan, Musika eta Mugimendua ikasten. Sei-zazpi urterekin, berriz, zeharkako flauta hartu zuen esku artean, «herriko neska gehienek bezala». Eta hola segitu zuen hamabi urtera arte. Hasi bertzerik ez zen egin bere musika ibilbidea. «Irakasleak hala proposatuta», Iruñeko kontserbatorioko bidea hartu zuen. Sei urteko ikasketak zituen aitzinetik, institutuko ohiko ikasketekin uztartzeko, baina ederki erantzun zion erronkari. Hala ere, azken bi urteak Donostiako kontserbatorioan egin zituen: «Beran ikasten nuenez, hurbilago izateko».

Hori bukatuta bertze erabaki bat hartu behar izan zuen: «Unibertsitate garaia zen, eta Musikene goi mailako ikastegian sartzea erabaki nuen, Donostian». Zehazki, Pedagogia ikasketak egin zituen, eta «horren barrenean, pianoa ikasi nuen». Eta ez hori bakarrik: «Gehiago ikasten duzunean ohartzen zara ez dakizun guziaz, eta kanpora joatea pentsatu nuen, Suitzara».

Lesakatik Suitzara

Duela bortz urte joan zen Suitzara: «hiru urtez Musika eta Mugimendua gradua egin nuen, Genevan dagoen Dalcroze eskolan». Ezaguna da Dalcroze erritmika pedagogia musikala, musikaren irakaskuntzan aitorpen handikoa: «Musika erakusteko metodo bat da, gorputzaren bidez ikasten da musika. Bertze tokietan ere erakusten dute metodo hori, baina ez lanaldi osoan. Mundu mailan eskola bakarra da, erritmikaren magala». Dalcroze musikagile, musikari eta musika pedagogoak asmatu zuen, eta lesakarra «hagitz eskertua» dago Dalcrozek sortutako eskolan ikasi duelako. Gradua ez ezik, masterra ere han egin zuen eta ekainaren 26an bukatu zuen.

Esperientzia «hagitz aberasgarria» izan dela aitortu du: «Hasieran, nahiko zaila izan zen. Atzerrira joaten nintzen lehenbiziko aldia zen». Eta bereziki «familia eta lagunak uztea» egin omen zitzaion gogorrena. «Gainera, hasieran galderak bertzerik ez nituen, eta ziurgabetasuna, nahiz eta herrialde aberats batera nindoan eta ez nuen arriskurik. Banekien komunikatzeko erraztasun guziak nituela, baina dena ongi ateratzea nahi nuen eta...».

Hasierako emozio nahasketa bertzerik ez zen izan, egonaldia «zentzu guzietan aberasgarria» izan dela baitio: «bai ikasketa aldetik, ikasketa osatuak direlako, bai maila pertsonalean. Bazter aunitzetako ikaskideak izan ditut, kulturalki bizitzeko bertze modu aunitz ikusi ditut, eta horrek ateak eta begirada aunitz irekitzen dizkizu». Gehiago ere bai: «Lagun onez inguratzea inportantea izan da».

Kontatu duenez, «lehenbiziko urtean, familia batekin egon nintzen. Nik haurrak zaindu eta haiek jatekoa eta logela ematen zidaten. Bigarren urtetik aitzinera, egoitza batean egon nintzen, pisu batean, ikaskide batekin». Eta bortz urteren buruan hango bizitzara jarri ote den galdetuta, «ez dakit noizbait egiten den», erantzun du: «Batzuetan bi bizi dituzula sentitzen duzu, bat Suitzan eta bertzea Euskal Herrian; hemengoa ez baita ahanzten. Baina Suitzako bizia nahiko erraza da, denak ongi funtzionatzen du eta ez dago arazorik. Aniztasun handiko hiria da eta alde horretatik pribilegio guziekin joan nintzen».

Suitzako egonaldian bere «lehentasuna ikastea» izan dela aitortu du: «Buru-belarri ibili naiz. 16:30 aldera ateratzen nintzen klasetik, eta handik, normalean, lanera joaten nintzen, musikako klase partikularrak ematera. Baina ez da dena ikastea izan. Lekuak ezagutzeko ere probestu dut».

Berriz Suitzara

Bortz urteotan sorterria bisitatzeko data seinalatuak ere izan ditu: «Eguberriak eta uda». Eta, tartean, nola ez, sanferminak. Uda honetan ere hala dabil, baina ikasturte hasieran Suitzara joanen da: «Ikasi dudan eskolan klaseak emateko eskaintza egin didate. Oraingoz, urte batez han geldituko naiz». Etorkizunean, ordea, «han ikasitakoa Euskal Herrira ekartzea» da bere ametsa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun