Bestak 2026

«Ia hutsetik berreskuratu genuen herriko dantza eta gaur egun bizi-bizirik dago»

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 10a

Gregorio Mitxelena, Lucia Iparragirre eta Xatur Larralde, Arantzako dantzak berreskuratu zituztenetako batzuk izan ziren.

Xatur LARRALDE IBARROLA, Lucia IPARRAGIRRE TABERNA eta Gregorio MITXELENA ORDOKI Arantzako Dantza Luzea

Hola erein, hala bildu. Hala dio erranak, eta duela 50 urte baino gehiago ereindako haziaren fruituak bistakok dira Arantzan. Horren adibide garbia da Arantzako Dantza Luzea. Lehenagokoa da dantza, baina orduan berreskuratu zuten, eta geroztik, abuztuaren 15ean hutsik egiten ez duen ekitaldia da. Hitzordu seinalatua da herritarrentzat, berezia dantzatzeak edo ikusteak sortzen dien sentimendua. 

Dantza noizkoa den data zehatzik ez dago, baina badira aspaldikoa dela erakusten duten seinaleak: «Badira 1900 eta gutti gehiagoko argazki zaharrak, dantzariak plazan ageri direnak. Eta bada dantzariak, orain bezala, traje zuri-gorriarekin ageri diren 1931ko bertze argazki bat». Hala dio Urdingo bordako Lucia Iparragirrek. Berarekin batera, Urdingobaitako Gregorio Mitxelena eta Petriseneko Xatur Larralde bildu ditu Ttipi-Ttapak, duela 52 urte Arantzako dantzak berreskuratu zituztenetako batzuk izan zirelako, eta gerora, ondorengo belaunaldiei dantzak erakusten bide luzea egindakoak direlako hirurak. 

Haur denboran ez zuten Arantzako Dantza Luzerik ezagutu. Pentsatzekoa da gerra denboran eta ondotik, isilarazi izanen zutela. Edozein moduz, Iparragirrek esplikatu duenez, «gerra ondoan, arrontean ez zen gelditu izanen, nire atta eta osaba ere dantzan ibiliak izaten baitziren eta adinagatik Francoren denboran ariko ziren». 

1974an Arantzako Dantza Luzea berreskuratu zutenak. (Lucia Iparragirrek utzitako argazkia).

Isilarazitako urte horiek gibelean utzita, 1974an plazaratu zuten berreskuratutako dantza. Aitzineko urtean, mutilek egin zuten lehenbiziko seinalea: «Zortzikoa, mutil dantza, txakarrankoa eta makil dantza dantzatu genituen», esplikatu du Mitxelenak. Eta ondoko urtean, neskek eta mutilek, Arantzako Dantza Luzea osorik egin zuten. Hamahiru eta hamazazpi urteko gazteak bildu ziren. Iparragirrek zehaztu duenez, «Jacinto Bergarak enpeinu handia paratu zuen dantza berreskuratzeko. Berarekin batera, Cruz Mari Bergara, Evaristo Mitxelena, Martin Ibarrola, Alfonso Larralde eta Julian Iparragirre ibili ziren guri erakusten».  

Musikaren alderdiari ere forma eman zioten: «Han eta hemen» zeuden dantzen partiturak biltzeko alderdia Gregorio Mitxelenak egin zuen: «Dena puskaka, nahasia, zegoen, eta ahal nuen bezala, dena bildu eta berritik egin nuen eskuz, 1978an». 

Ondoko urteak emankorrak izan ziren. «Aunitz entseatzen genuen», aitortu du Iparragirrek, eta «bertze herrietara emanaldiak egitera» joaten zirela oroitarazi du Mitxelenak. Baztandarren Biltzarra, Basauri, Deikaztelu, Zarautz, Lizarra… Taldean «ederki» ibiltzen zirela dio Mitxelenak, eta orduko «hagitz oroitzapen onak» dituztela Larraldek. 

Arropa bat edo bertze

Gaur egun, bestetan eta jantzi zuri-gorriarekin ateratzen dira dantzatzera. Ez da, ordea, beti hola izan. «Bestetan eta erraten zutenez, udan, udako solstizioarekin lotuta, zuri-gorriz ateratzen ziren, eta inauteetan bertze batekin, gaur egun ibiltzen ez den traje itxuroso batekin», esplikatu du Larraldek. 

Arropen harira, Neska Dantzako trajea «argazkiei begiratuz eta Tuaneko bordako Jabiera Mitxelenarekin solas eginez» berreskuratu zutela kontatu du Iparragirrek. Hori argituta, «Zuzaineko Margarita Bergarak, Goiz Argiko Maribi Apezetxeak, Petriseneko Maritxu Ibarrolak eta Seroren bordako Mari Juli Almandozek josi zituzten». Eta trajeak egiteko dirua «antzerkiak eginez bildu genuen». Bere hitzetan, «lehenbiziko argazkietan traje guziak igualak zirela ikusten da. Oraingoak ez dira hain perfektuak. Berez, gona zuriko feltro gorriak ezin dira nolanahi eta nonahi paratu eta galtzerdi zuriak ere behar dira». 

Dantzaren bilakaera

Bilakaera bistakoa da. Larralderen hitzetan, «dantzak ikustera hurbiltzea aski da izan duen bilakaera ikusteko. Ia hutsetik berreskuratu genuen, eta gaur egun bertze neurri bat hartu du. Osasuntsu dago eta herritarrek eurena sentitzen dute»; Mitxelenarentzat «bizi-bizirik» dago.

Larralde, Mitxelena eta Iparragirreren etxekoek ere eman diote segida dantzari. Larralde arreba gazteenarekin eta anaiarekin ibilia da, eta gaur egun, «alabekin eta ilobekin» aritzen da. Ez baitu alde batera utzia: «16 urterekin hasi nintzen eta 68 urterekin oraindik segitzen dut». 

Mitxelenaren kasuan, senideen artean bera bakarra animatu zen, baina urte saila egin zituen: «2006ra arte. Bitartean, hor ibili nintzen, arnasa handitua», aipatu du irri artean. Tarte horretan, «bi semeekin tokatu naiz. Egia erran, semeek ofizio guziak segitu dituzte», dio kontent. 

Iparragirre, berriz, anaiarekin eta ahizparekin ibilia da eta gainera, 1974ko estreinaldi hartan, anaiarekin batean atera zen. «Hasieran, bortz edo sei bat urtez aritu nintzen. Gerora, lehen ibilitakoek berriz dantzatu behar genuela eta, berriz atera nintzen bizpahiru urtez». Bere ondorengoek ere ederki segitu dute bere bidea. Alaba, semea eta bilobak dantzan aritzen dira, eta seme-alabak erakusten ere bai. Aitortu duenez, «emozio handia sortu izan dit beti herriko dantzen doinuak aditzeak eta dantzak ikusteak. Niretzat hagitz polita da».

Txupinazoa

Dantzak segida izan dezan, erakusten ere ibili dira, «urte azkarkiz». Kontua da eurek eta bertze hainbat herritarrek egindako auzolan horri esker, belaunaldiz belaunaldi pasatu dela Arantzako Dantza Luzea. Eta hori aitortu nahi izan dute Arantzako Udalak eta besta batzordeak aurten, bestetako txupinazoa botatzeko aukera dantza erakusleei emanez. Hantxe izanen da hirukotea, baita abuztuaren 15eko eguerdian frontoian ere, dantzan ez bada, begira. Eta bestetako gainerako egunetan ere, ez dira urruti ibiliko: «Ahalik eta hobekien ospatzen saiatuko gara». Eta hala desio diete herritarrei eta bisitariei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun