Uxuri Portu lesakarra munduko trial txapeldun izan da lehen aldiz bakarka

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 28a

Uxuri Portu lesakarra munduko txapeldun suertatu da lehen aldiz bakarka, 13 urtez beheitiko nesken kategorian.

Espainiako selekzioarekin txapeldunorde izan zen ortziralean eta bakarka, 13 urtez beheitiko kategoriako nesken artean, munduko txapeldun izan da estreinakoz Lausannan (Suitza)

Ttiki-ttikitatik trialeko bizikletarekin goi mailako konpetizioan ari da Uxuri Portu Crespo lesakarra. Nafarroako eta Espainiako txapeldun hainbatetan izana, bederatzi urte zituenetik munduko txapelketan parte hartzen ari da. Ez parte hartzen bakarrik, azken lau urteetan, Espainiako selekzioarekin, taldeka, munduko txapeldun izana zen. Bakarka, aldiz, munduko txapelketan bigarren, hirugarren eta laugarren izana zen. Orain, 13 urte bete berritan, bakarka ere munduko txapeldun izatea lortu du Lausannan (Suitza) hjokatu den 2026 Trials World Youth Games Txapelketan, 13 urtez beheitiko nesken kategorian.

Taldeka bigarren izan da aurten Espainiako selekzioa, Frantziaren gibeletik. Alemania hirugarren izan zen.

Taldeka txapeldunorde

Ortziralean hasi zen gazte mailako Munduko Trial Txapelketa Lausannan (Suitza). Azken lau urteetan Espainiako selekzioa munduko txapeldun izan zen, baina aurtengoan bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen, Frantziaren gibeletik. Alemania hirugarren izan zen.

Bakarka munduko txapeldun lehen aldiz

Larunbatean, berriz, bakarkako lanean hasi zen Uxuri Portu Crespo lesakarra, Girls U13 kategorian, 13 urtez beheitiko neskak, alegia. Finalerdietan ez zuen akatsik egin lesakarrak, baina denboraren arabera, bigarren izan zen, Abril Sanllehi kataluniarraren gibeletik. Denera 12 biker sailkatu ziren igandeko finalerako.

Uxuri Portu, finaleko oztopo bat gainditzen.

Igandean, finaleko oztopoen zailtasuna handitu zen, baina halere Uxuri Portuk berriro ere akatsik gabe egin zuen ibilbidea. Itzuli perfektua egitea lortu zuen eta bere aurkariek, aldiz, akatsen bat egin zuten. Ondorioz, lehen aldiz, bakarka munduko txapeldun da Uxuri Portu Crespo lesakarra. Bigarren izan zen Abril Sanllehi kataluniarra eta hirugarren Natalia Plonka poloniarra.

Uxuri Portu munduko txapeldun, Abril Sanllehi kataluniarra bigarren eta Natalia Plonka poloniarra hirugarren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun