Bestak 2026

[ARGAZKIAK] Giro paregabearekin berreskuratu dituzte Banartako bestak Lesakan

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 27a

Lesakako Nabaz eta Katazpegi auzoetako gazteek, garai batean Santiago egunez egiten zen Banartako besta berreskuratu dute aurten. Banarta inguruan karpa ederra muntatu zuten eta horren inguruan ospakizun ederra izan zuten larunbatean.

Besta baino lehen kirola ere izan zuten, larunbat goizean goiz. Lehen aldiz egin den Irasmendiko Igoera kirol proba berezia. Banartatik abiatuta Irasmendiko kaxkora egin zuten ibilbide gogorra hogei bat korrikalarik. Azken maldaren gogortasuna xamurtzeko paratutako anoa postuan, zahatotik ardoa edan zuten korrikalariek. Azkenean, Mattin Lekuona nagusitu zen, Oihan Urroz Oiartzabal izan zen bigarren eta Jonan Arbelaitz Heras hirugarren. Emakumeen artean, Oihana Arruti izan zen bizkorrena eta Lurdes Mitxelena auzotarrak ere saria izan zuen.

Gero, eguerdi partean botatako txupinazoaren ondotik, hasi ziren ospakizunak, trikipoteoarekin. Aipatzekoa da Endara Bizirik taldeak ere postua paratu zuela eta kasik auzotar guziek jantzi zuten makroproiektu eolikoaren kontrako kamiseta, baita Banartako bestetako zapia ere. Ehun bat lagun bildu ziren auzo bazkarian eta bapo bazkaldu zuten, Irungo Janari dendak prestatutako otordu goxoa. Manolo Arozena eta Bittor Elizagoien bertsolariek ere saio dotorea eskaini zuten. Gero, ekaitz bortitzaren ondotik, musika doinuak izan ziren Andoni Mitxelena soinulariarekin, talo jatea ere izan eta musika gau parterako ere. Ordu ttikiak arte luzatu zuten besta Nabaz eta Katazpegi auzoetako bizilagunek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun