Bestak 2026

«Auzolana ttikitatik barneratu dugu eta  hori mantentzen saiatzen gara»

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 23a

Alberto Elgorriaga Alkaiagako bestetako txupinazoan.

Alberto ELGORRIAGA MIKELPERIZENA Alkaiagako gaztea.

Nor dugu Alberto Elgorriaga?

Familia eta lagunekin egon eta bizikletan ibiltzea gustatzen zaion Alkaiagako "gaztea" naiz.

Alkaiagakoek baduzue zerbait berezia...

Ba bai, hiru lekutakoak garela. Lesakakoak, Berakoak eta batez ere, Alkaiagakoak.

Dena prest duzue bestetarako?

Gehiena antolatuta dugu eta sanferminen ondotik emanen diegu azkeneko errematea. 

Lan handia izaten da dena antolatzea?

Ez, lan talde polita dugu eta borondate handikoa.

Zer ginateke auzolanik gabe? 

Auzolana ttikitatik barneratu dugu. Gure aitatxi-amatxiren garaietatik ezagutu dugu auzoan behar ziren lan guztiak auzolanean egitea eta gaur egun ere, hori mantentzen saiatzen gara.

Bestak berreskuratzeko ahalegina egin duzue azken urteetan.

Orain dela 30 bat urte sekulako bestak izaten ziren. Denborarekin indarra galdu zuten, baina duela 15 urte Manttalerekin batera Alkaiaga Trail lasterketa antolatzen hasi ginen eta horrek bultzada handia eman zien bestei. Azken urte hauetan Lesakako Udalaren laguntzari esker egitaraua aberastu ahal izan dugu.

Zer ekitaldi antolatu dituzue?

Larunbatean mendi lasterketa, txaranga, euskal dantzak, bokatak jateko aukera eta ondotik musika. Igandean, berriz, pilota partiduak, gaitariak, meza, bertsolariak, bazkaria eta dantzaldia. 

Nork botako du altxaferoa?

Azkeneko momentura arte sekretua izaten da. 

Alkaiaga Trailek 15. edizioa beteko du. Proba berezia da.

Bai, leku zoragarriak ditugu auzoan bertan lasterka ibiltzeko eta gainera, azken urteetan Bortzirietako Kopan sartutako lasterketa da. 

Zergatik zintzilikatzen duzue bestetan Koreako bandera?

Gure arbasoen garaietako zerbait da Alkaiagakoei Koreano deitzea. Zergatik ote den azaltzeko bi bertsio daude. Baten arabera, auzotarren arteko liskarren ondorioz jarri ziguten ezizena: auzoa bitan banatuta zegoen eta beti kasailan ibiltzen ziren. Bertze batzuek diote Alkaiagako mendietan zeuden minetan izaten ziren leherketekin duela zerikusia. Nire ustez, bi bertsio hauen nahasketa bat izanen da. 

Zerekin egiten duzu amets?

Hemendik urte batzuetara gure ondorengoek auzolana bizirik mantendu eta auzoaz disfrutatzen jarraitzearekin. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun