Asteburu bete-betea izanen dute beratarrek

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 24a

Igande goizean Berako XXIII. Saria txirrindularitza proba eginen dute.

Saskibaloia, 4x4 autoen erakustaldia, plater tiroketa, txirrindularitza... izanen dituzte. 

Aste baten buruan, bestak hasteko esperoan izanen dira beratarrak, baina lehenagotik hainbat hitzordu izanen dituzte. 

3x3 Saskibaloi Txapelketa Solidarioa

Alde batetik, Toki Ona Saskibaloi Taldeak antolatuta, larunbatean, uztailaren 25ean, 3x3 Saskibaloi Txapelketa Solidarioa eginen dute egun osoan Toki Onako patioan. 11:00etatik 14:00etara kuadrillen txanda izanen da eta horretarako 10:15etik 11:00etara eman beharko da izena. 16:00etatik 20:00etara, berriz elite mailakoak ariko dira eta hor parte hartzeko 15:00etatik 16:00etara eman beharko da izena.

Jokatzeko, guttienez, 16 urte izan behar dira.

4x4 autoen erakustaldia

Egun berean, hilaren 25ean, 4x4 autoen erakustaldia antolatu du Boma 4x4 taldeak. 14:30etik aitzinera Postan izanen da.

Plater tiroketa

Biharamunean, uztailaren 26an, igandearekin, plater tiroketa eginen dute Lizuniagako tiro eremuan. Ehiza eta Arrantza Elkarteak antolatu du eta 10:00etan hasiko da.

Berako XXIII. Saria

Eta igandean, Gure Txokoa Elkarteak Berako XXIII. Saria antolatu du, kadeteentzako txirrindularitza proba. 11:00etan Iamotenea paretik abiatuko dira txirrindulariak eta Bidasoa karrikan helmugaratuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun