Aitzinera doaz Altzate karrikako lanak eta Berako Udalaren erranetan, «laster azkeneko faseari helduko diote Itzea karrikan, Altzateko lanekin bukatzean».
«Atzerapen ttiki batzuk» izan direla ere azaldu dute, bi arrazoiengatik: Batetik, «Altzate 20 zenbakiaren parean gasaren hodi nagusia desbideratu behar zuten, eta lan hori gasaren banaketa kudeatzen duen Nedgia enpresak egin behar zuen, eta behar baino gehiago atzeratu da». Bertzetik, «Nafarroako Gobernuaren Herri Lan Departamentuaren erabakiari itxaron behar izan zaio zeharbideko zoladura mota erabakitzeko. Arazoa, bereziki, Altzate-Eztegara tartean zegoen, non drainatze hodien eta galtzadaren arteko distantzia ttikia zen, eta hodien segurtasuna bermatuko zuen irtenbide bat ezarri behar zen. Erabakia hartu da eta azkenean galtzada osoa asfaltatu ahal izanen da, hasieratik udalak eskatu zuen bezala».
Momentu honetan Mukixu zubitik Uraldea bidegurutzerainoko tartea egokitzen ari dira, espaloiko baldosak paratzeko. Horrez gain, Legia karrikako bidegurutzetik Iparralde karrikako bidegurutzeraino hormigoi indartuko geruza zabalduko dute, drainatze hodiak babesteko. Asfaltatze lanak herriko bestak pasatu ondotik eginen dituzte, eta orduan Ibardin-Itzea-Iparralde-Altzate-Eztegara tartea trafikoari ireki eta lanen azken faseari ekinen diote.
Jakitera eman dutenez, «irail bukaerarako azpiegituren berritze lanak bukatuak eta karrika osoko urbanizazio berria egina izan beharko luke, eta azken detaileak geldituko dira obrari akabera emateko».
Eztegara-Matzada zubia
Urtarrilean hasi zituzten Eztegara-Matzada zubiaren obra, «baina gelditu behar izan dira hasierako proiektuak hainbat akats izan baititu. Egin ziren kalkulu geoteknikoak ez ziren nahikoak egituraren egonkortasuna bermatzeko, eta kalkulu berriak egin behar izan ziren, zimendu arazoak azaleratu zituztenak».
Arazo horiek gainditzeko «mikropibotez egindako 14 metroko zimendu sakona» eginen dute, eta orain «zimendu horien kalkulu estrukturalak» egiten ari dira. Proiektu aldatua onartzean segituko dute lanekin, hortaz, «hasieran obra bukaera iraileko aurreikusten bazen ere, epearen luzapena eskatu da eta 2027ko udaberri hasiera aldera bukatzea espero da».
Bi obra horiek bukatzeak «trafiko antolamendu berria» ekarriko dio Altzate-Matzada-Illekueta inguruari. Gainera, «herrian dauden bertze mugikortasun arazoak aztertzeko Mugikortasun Plan berri bat» eginen dute. Planarekin lanean hasi dira, irailerako izanen dute lehendabiziko zirriborroa. «Herritarrek planaren definizioan parte hartzea» nahi du udalak, eta horretarako beharrezko prozesua abiatuko dute.
