[ARGAZKIAK] Berako Herriko Etxeak ikurrina paratu zeneko 50. urteurreneko ekitaldian parte hartu du

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 21a

1976ko uztailaren 21ean, frankismoaren hondarrean, Euskal Herriko 70 alkate Bergaran elkartu ziren foruen abolizioaren mendeurrena oroitarazteko eta autogobernuaren aldeko aldarria berritzeko eta, bidenabar, ikurrinaren ofizialtasuna eskatzeko. Lehenbizikoz Bergaran paratu zuten ikurrina, eta ondoko asteetan herriz herri errepikatu zen irudia, tartean Beran.

Patxi Castillo alkateordeak alkate-makila eraman du Bergaran, eta Ritxi Abrilek herriko bandera, haren aitak paratu baitzuen ikurrina, lehenbizikoz, Beran

Pasa den igandean Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta alkateen mugimenduaren 50.a oroitzeko ekitaldia egin dute Bergaran, eta Euskal Herri osoko 177 udal ordezkari bildu dira bertan. Beratik Patxi Castillo alkateordea joan da alkate-makilarekin, eta herriko bandera Ritxi Abrilek eraman du, orain 50 urte Beran ikurrina lehenbizikoz paratu zuen Juan Enrique Abril alkatearen semeak. Udalak Abrilen seme-alabei eskaini zien herriko ikurra eramateko ohorea.

Ekitaldia EAJko eta EH Bilduko udal ordezkariek babestu dute, eta Bergarako adierazpena argitara eman dute. Bertan, Euskal Herria nazioa dela aldarrikatu dute, eta Euskal Herriaren eskubide politikoak aitortzeko eskatzearekin batera, nortasuna, historia eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea exijitu dute. Udal demokraziaren tradizioa, foru askatasuna eta autogobernuaren beharra aldarrikatu dituzte, horiek baitira berezkoak dituen hizkuntza, kultura, nortasun historikoa eta borondate kolektiboari eusteko giltza.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun