Zia erreka eta Bidasoa bazterrak garbitu dituzte auzolanean beratarrek

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 20a

Udalak auzolanaren balorazio «hagitz positiboa» egin du. Urteak dira jarduera ekologiko hori antolatzen dutela baina, aurten, zaborra eta hildako landaredia kentzeaz gain, lehenbiziko aldiz landare exotiko inbaditzaileak ere kendu dituzte

Hogeita hamar boluntario inguru aritu ziren larunbatean Berako Udalak antolatutako ekitaldian. Taldeka banatuta, batzuk Zia erreka garbitu zuten eta bertzeek Bidasoa, Zia errekarekin bat egiten duen inguruan.

Zaborra edukiontzi publikoetan bildu eta landare exotiko inbaditzaileak kendu zituzten. Horietan ttikienak ipurditik atera zituzten, hala nola buddleja davidii, krokosmia eta baltsamina, hainbat poltsatan bildu ondotik sutan erretzeko. Handiak, paulowniak eta palmondoak erraterako, moztu egin zituzten, eta horiekin eta hildako landarediarekin bi edukiontzi handi bete zituzten.

Bertze behin ere, «elkarbizitza jardunaldi bat izan zen, giro onean lan eginez, boluntarioak pozik eta gustura gelditu ziren. Auzolana bukatzeko, Ehiza eta Arrantza Elkarteak mokadu goxo bat eskaini zuen. Udalak eskerrak eman nahi dizkie ekitaldi honetan parte hartu zuten boluntario guztiei, eta bereziki Ehiza eta Arrantza Elkarteari, emandako babesagatik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun