Uztail hasieran paratu ziren Argarata-Santa Krutz eta Usategietako ibilbideen seinalizazio geziak eta, bigarren fasean, bertze bortz ibilbide seinaleztatuko dituzte
Homologatutako ibilbideak, Nafarroako Mendi Federazioak onartutako ibilbide seguruak dira, herrialde osoan erabiltzen den seinalizazio berdina erabiliz egiten direnak. Iaz, Etxalarko Udalak, herrian lehendik homologatuta zeuden, baina mantentzen ez ziren zazpi ibilbidea berriz homologatzeko apustua egin zuen eta, geroztik, bakoitzaren txosten teknikoak egin dituzte Nafarroako Mendi Federazioarekin lankidetzan, ibilbideen seinalizazio horizontala edo margotzea egin zuten auzolanean 2026ko otsailean, ibilbideen panel berriak jarri dituzte herri sarreran, Lizarietan eta Usategieta inguruan eta azken pausu bezala, seinalizazio geziak ere jarri dituzte. Ibilbideak margotzen ikasteko, herriko hamasei boluntariok ikastaroa egin zuten eta auzolanean aritu ziren ibilbideak seinaleztatzen. Honegatik, Etxalarko Udalak, egindako lana eskertu die. Beraz, Nafarroako Mendi Federazioko ikuskaria pasatzerakoan, prest izanen dira aipaturiko bi ibilbideak.
Bigarren fasean, bertze bortz ibilbideak
Bigarren fasea ere martxan da, falta diren bertze bortz ibilbideak berriz homologatzeko (Karmen, Infernuko errota, Azkua, Orenbenta-Atxuria eta Zentinelako Megalitoak). Izan ere, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak txostenei oniritzia eman bezain laster hasiko dira hau seinaleztatzeko lanak ere eta udazken aldera, ibilbide guztiak eginak izatea espero da.