Leire Olagarai Etxalarko jarduneko alkateak aipatu digunez, «kanpainaren helburua hagitz sinplea da: herritarrak (nire burutik hasita) konturatzea komuna ez dela zakarrontzia. Aunitzetan, eguneroko keinu ttiki batek eragin handia izan dezakeela ez gara ohartzen. Komunetik botatzen dugun guztia ez da desagertzen; hodietan barrena joaten da eta, azkenean, ur zikinen tratamendu sistemetan eragina du. Horregatik, kanpainaren bidez ohiturak aldatzea eta guztion artean gure urak eta ingurunea zaintzea bilatzen dugu».
«Ohiturak aldatzea eta denon artean gure urak eta ingurua zaintzea bilatzen dugu»
Izan ere, arazoa uste baino zabalagoa da. «Ohikoenak toallita hezeak dira –dio Olagaraik–, baina horiekin batera bertze hainbat hondakin ere aurkitzen dira: makillajea kentzeko kotoiak, zapiak, pixoihalak, kotoizko makilatxoak, ileak, moztutako azazkalak, botikak edo bertzelako produktuak. Batzuetan, almiranteak (aguazilak), inoiz espero ez diren gauzak ere aurkitu izan ditu. Komunetik botatzea erraza izan daiteke, baina ondorioak gero guztion artean ordaintzen ditugu». Komunetik beheiti doazen produktuei dagokienean, «iraungitako botikak eta pastillak» bereziki gogoan izan ditu Patxi Castillo, Berako zinegotzi eta Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitateko presidenteak, «kimiko horiek guziak uretara ailegatzen dira, gero arrainetara, guk jaten ditugu arrain horiek… Dena lotua dago».
«Iraungitako botiken kimikoak uretara ailegatzen dira, arrainetara gero, guk jaten ditugu arrain horiek… Dena lotua dugu»
Karriketako zikinak estoldetatik araztegira
Baina etxe barneko ohituretan ez ezik, karrikako ohituretan ere eragin behar da, ura ahalik eta guttien kutsatzeko. Karrika guztiona da, eta, horregatik, zaborrak biltzeko eta karrika garbitzeko zerbitzu publikoak izaten ditugu. Halere, zerbitzu horiek ezin dute jokatu edozein hondakin biltzeko moduko makina ahalguztidun baten gisara, hondakin batzuek behar ez duten tokian bukatuko baitute zerbitzuek ahalegin handi-handia eginda ere. Konparazio batera, estoldetan bukatzen duten zigarrokinak eta tabako paketeak. Eta haietatik, ura biltzen duen sistematik araztegiraino. Horregatik, beharrezkoa da deus ere ez botatzea karrikan lurrera, beti erabiltzea paperontziak edo edukiontzi espezifikoak, ez hustea autoko hautsontzia bide publikoan, ez botatzea gauzak etxeko leihotik, ez botatzea txiklerik lurrera, txakurraren gorotzak biltzea… izan ere, litekeena da horiek guztiak herriko ur hustubideetan eta, gero, araztegian bukatzea. Edo, bertzela, “kutsadura lauso” deitzen dutena sortuko da, hau da, han-hemenka bota diren hondakinak, jatorri zehatzik gabekoak, eta normalean edozein bazterretan bukatzen dutenak, hala nola errepide bazterretan, ur kanalizazioetan, inguruko industrialdeetan eta halako tokietan. Dudarik gabe, denok ikusi ditugu halako lekuak poltsaz, plastikoz, ontziz, kartoiz eta abarrez beterik.
«Araztegiak ur zikinak tratatzeko diseinatuak daude, ez den-denari aitzin egiteko»
Leire Olagaraik dioenez, «araztegiek ur zikinak tratatzeko daude diseinatuak, eta ez edozein hondakin klase tratatzeko. Hondakin horiek buxadurak, matxurak eta mantentze lan gehiago eragin ditzakete, eta prozesua zaildu egiten dute. Etxalarrek ez du baliabiderik trabatzen diren hustubideak kudeatzeko eta, beraz, kanpoko enpresa bat kontratatu behar izaten da urtero behin baino gehiagotan. Azkenean, horrek kostu ekonomikoa eta ingurumen inpaktua handitzen du, eta kostu hori herri osoaren bizkar doa». Gauzak honela, Bortzirietako herritarrei eskatzen zaiena gauza erraza baina hagitz garrantzitsua da: arduraz jokatzea. «Komunera bakarrik hondakin organikoak eta komuneko papera bota behar dira. Gainerako guztiek bere lekua dute: edukiontziak, garbigunea edo dagokion bilketa sistema. Etxe bakoitzean egiten diren keinu txikiekin aunitz lor dezakegu. Gainera, guraso garenak, gure seme-alaben eredu gara eta ohitura onak erakustea ezinbertzekoa da».
«Ez dugu inor seinalatu nahi, elkarrekin ikasi eta ohiturak hobetu nahi ditugu»
Garbi utzi nahi dute kanpaina hau ez dela inor seinalatzeko, «elkarrekin ikasi eta ohiturak hobetzeko gonbidapena baizik. Ingurunea zaintzeko konpromisoa hartu duten herriak izan nahi dugu, eta horretarako guztion laguntza behar dugu. Ur garbiak, herri garbia eta etorkizun jasangarriagoa guztion artean eraikitzen dira».
Dibulgazio ekintzak herriz herri
Bortzirietan hainbat kontzientziazio ekintza egiten hasiko dira uda honetan bertan. Etxalarren, erraterako, Uraren Eguna antolatu dute uztailaren 29an. Araztegira bisita gidatua eginen dute, 10 urtetik goitikoei zuzendua, Uraren ibilbide ahaztezina goiburupean. Zer ezkutatzen du zure ibaiak? errekako uren jarduera zientifikoa ere eginen dute eta Ibaiaren alde, Tximista erreka garbitzeko tailerra. Azken bi hauek, adin guztietarako irekiak. Beran, Itzea erreka garbitu zuten auzolanean ekain hondarrean eta auzolan orokorra egitekoa zuten uztailaren 18an, Zubizabal ingurua, Matzadako erreka… garbitzeko.
«Ur eta herri garbiak eta etorkizun jasangarriagoa guztion artean eraikitzen dira»
Jubiloteken eskutik, joan den urtean Beran egindakoaren ildotik, Uraren Memoriak tailerrak eginen dituzte irailaren 3an Lesakan (11:30), irailaren 21ean Arantzan (16:00), irailaren 22an Etxalarren (16:00) eta irailaren 23an Igantzin (16:00). Urarekin lotutako istorioak, oroitzapenak eta anekdotak elkar banatzeko hitzorduak dira: Gaztaroan urarekin izan duten harremana, uholdeen oroitzapenak, errekan igerian ikastea, arropa garbitokietara joatea, baserrietan ura txorrotatik ateratzea luxu bat zela…
Etorkizuna eraikiz helduentzako tailerrak ere egin nahi dituzte, mundu jasangarriago baten aldeko tailer parte hartzaileak. Patxi Castillok dioenez, «ikasleekin araztegietara bisitak egiten zituzten, baina, adinaren arabera, beharbada teknikoegia izaten zen. Aurten ez du denborarik eman, baina Dindaiak heldu den urteko udalekuetan sartu nahi du Tantaz Tanta misioa, Haur Hezkuntzakoei eta Lehen Hezkuntzakoei zuzenduak, uraren garrantziaz konturatzeko jolasak eta erronkak».
Rebeca Echeverria, NILSAko teknikaria
«Denetarik botatzen da komunetik»
NILSAko Rebeca Echeverriak erran digunez, «udalek deitzen digute hustubideetan arazo aunitz izaten dituztelako, bizilagunek bota ezin diren gauzak botatzen dituztelako. Guk hezkuntza programak ditugunez eta bere garaian kanpaina egin genuenez Iruñerrian, kanpaina hori egokitu dugu Bortzirietara. Batez ere komuneko zulotik botatzen dira gauza sinesgaitzak: dortokak, arrainak, telefono mugikorrak, konpresak, sendagaiak, zapi higienikoak, preserbatiboak, trapuak… zernahi gauza. Araztegietara denetatik ailegatzen da eta ura tratatzerakoan, horrek aparteko lana ekartzen du». Arduren kontua ere aipatu du Echeverriak: «Erreka bazterrak garbitzea Ur Konfederazioen ardura da (bat Bilbon dago eta bertzea Zaragozan). Partikular bati ur hustubidea buxatzen bazaio etxean, bere arazoa da; etxebizitza eraikinean hondatzen bada, bizilagunen komunitatearen ardura; ur hustubideetara ailegatu baldin bada, udalarena eta, araztegiraino ailegatu baldin bada, NILSArena. Azkenean, guk kontzientziazio eta hezkuntza lana egiten dugu, haurrekin erreka garbiketa lanak egiten ditugu… Nolabaiteko betebehar morala daukagu».
Ez bota horrelakorik harraskatik edo komunetik
Olio hondarrak
Keinu xume bat eginda, alegia, ontzi batean bildu eta olioa biltzen duen garbigune batera eramanda, milaka litro ur kutsatzea saihestuko dugu.
Garbiketa produktuak
Uraren kalitateari begira arriskutsuak diren produktuak: lixiba, hodien buxadurak kentzeko erabiltzen den soda kaustikoa, beirak garbitzekoa, lurzoruak garbitzeko argizaria, distira emaileak, zilarra eta bertze metal batzuk garbitzekoak, itsasgarriak, altzarientzako bernizak…
Kosmetikoak
Azazkal lakak, makillajea kentzekoak, paper zapi intimoak, serum konpontzailea, ile lakak, gominak, koloretako hautsak, makillaje oinarria, ile sorten tindua, adatserako koloretako maskarak, begien itzala, betile maskara, ezpainen distira…
Zaborrak
Ohitura txarra da, eta gauzak egiteko modu desegokia, honako hauek botatzea: esparatrapuak, kotoi txotxak, moztutako azazkalak, ileak, janari hondarrak, botiken hondarrak…
