Eraso matxista larrien berririk ez badute ere, sanferminetan gertatutako hainbat gertakari salatu dituzte
Hala eta guztiz ere, «jakin badakigu batzuetan geroago salatzen direla halakoak eta, beraz, herritar guziei jakinarazi nahi diete «urte osoan zehar martxan direla eraso matxistak jasaten dituztenentzako artatze zerbitzuak eta mugimendu feministaren babesa. Edozer dela ere, lasai jo guregana. Zuekin gaude!».
Petardoekin zaurituak peñen egunean eta txosnetako kontzertuan trabak uztailaren 11n
Eraso larrietatik harago, nolanahi ere, sanferminetan gertatutako hainbat gertakari salatu nahi ditu Xuflufrinak Lesakako Sare Feministak, «zuzenean baitaude loturik indarkeriarekin eta jarrera matxistekin».
Alde batetik, Peñen Egunean, uztailaren 8an, hainbat gizon talde petardo handiak botatzen ibili ziren herrian barrena, baita ostatu barrenetan ere. «Espazioaren erabilera gehiegizkoa eta bortitza egiteaz gain, bi pertsona guttienez zauritu zituzten petardoekin eta horietako batek, gainera, osasun etxera joan behar izan zuen, eta errehabilitazioa beharko du bere onera itzultzeko» eta horregatik, Xulufrinak taldeak ozen dio «norbere dibertimendurako bertzeak zauritzea eta horren ardurarik ez hartzea ez da onargarria».
Bertzalde, uztailaren 11n, «gizon talde bat txosna gunetik kanporatu behar izan genuen txosnan jotzen ari ziren musikariei behin eta berriz traba egin eta kontzertua oztopatzeagatik».
Besten aitzinetik egin zuten formakuntzan agerian gelditu zenez, sare feministak oroitarazi nahi du «indarkeria matxistaren agerraldirik bortitzenak halako jarrerekin hasten direla maiz, eta, beraz, behar-beharrezkoa da halako gizonkeriazko jarrerak sustraitik moztea. Ez gaitezen halakoen konplize izan, eta egin dezagun besta denen askatasunez eta errespetuz».
Bukatzeko, Xulufrinak Lesakako Sare Feministak «elkartasuna eta babesa» eskaini nahi die Iruñeko sanferminetan erasoak salatu dituzten emakume eta sexu genero disidente guziei: «Plazak, arratsak eta besta gureak dira, eta horietan aske ibiltzeko eskubidea dugu».
Bide horretan, eskerrak eman nahi dizkiete «aurtengo Lesakako sanferminetan marimore gisa zein urte osoan besta parekide, euskaldun eta herrikoien alde aritzen zareten herritar guziei. Bide luzea dugu egiteko, baina, elkarrekin, lortuko dugu. Gora borroka feminista! Gora besta euskaldun, parekide eta feministak!».