Julen Goia lesakarra bikain ibili da Espainiako xake txapelketan

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 15a

Julen Goia Mitxelena lesakarra, eskuinean, partida bat hasterakoan aurkaria agurtzen.

Lesakan sanferminak ospatzen ari ziren bitartean, Espainiako 10 urtez beheitiko xake txapelketa jokatu da uztailaren 7tik 12ra Vícar herrian (Almeria, Espainia) eta bertan aritu da Julen Goia Mitxelena xakelari lesakarra ere. Txapelketa bikaina egin du eta bederatzi partidetatik bakarra galdu ondotik (sei irabazi eta bertze bi berdinketa) bosgarren postuan bukatu du, hirugarrenarekin berdindua.

Bosgarren izan da hamar urtez beheitiko mailan, erritmo klasikoan, hirugarrenarekin berdindua

Sei egunez, ordubete eta 15 minutuko gehi 30 segundoko partidak jokatu ditu (hiru eta lau ordu arteko partidak), erritmo klasikoan, espainiar estatuko hamar urtez beheitiko xakelari onenekin batera. Horien artean, bi aldiz munduko txapeldun izandako bat eta Europako txapeldun bat ziren.

Julen Goia (aitzinean, ezkerretik hasita bigarrena) Espainiako txapelketako podiumean.

 

Espainiako partida azkarren txapelketa abuztuaren 1ean eta 2an Murtzian

Erritmo klasikoan aritu ondotik, abuztuaren 1ean eta 2an Torre Pachecon (Murtzia, Espainia) jokatuko den partida azkarren Espainiako 10 urtez beheitiko txapelketan izanen da Julen Goia. Hemen ere bederatzi partida izanen ditu, baina denbora kontrolatuarekin (hamar minutu gehi bortz segundo). Modalitate hau hobekiago egokitzen zaio xakelari lesakarrari eta berriz ere goitiko postuetan ibiltzeko itxaropentsu joanen da Murtziara.

Julen Goia, aitarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun