Lesakako Ehiza Elkarteak eta udalak sinatutako hitzarmen berrian auzolana oinarri

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 15a

Azken asteetan, basurde ehizako 18 kide elkartu dira auzolanean, Aiako Harriko eta Pagolletako mendi bideak garbitu eta mendiko oteak eta sastrakak mozteko.

2025ean Lesakako ehiza barrutiaren kontratua bukatu ondotik, Lesakako Udalak aho batez erabaki zuen Lesakako Ehiza Elkartearen tokiko ehiza barrutiaren aprobetxamendua esleitzea 2034-2035era arte. Ondorioz, azken urteotan bezala, Lesakako Ehiza Elkartea arduratuko da herriko mendien kudeaketa zinegetikoaz.

Azken kontratu honen berritasun gisa, urteko kostua diruz ordaindu beharrean, auzolanen bidez konpentsatuko da, eta lan horiek urtero adostuko dira Lesakako Ehiza Elkartearen eta Lesakako Udalaren artean. Hainbat aukera paratuko dituzte mahai gainean, hala nola larreak pikatzea, bideak eta pistak garbitzea, arbolak sartzea eta adostutako bertzelako hobekuntza batzuk egitea.

 

13 hektarea larre garbituko dituzte Pagolleta, Piperla, Elutxa, Burnaizegi, Alasta eta Gardelko inguruan

Aurten, 13 hektarea larre garbituko dituzte Pagolleta, Piperla, Elutxa, Burnaizegi, Alasta eta Gardelko inguruan. Horretaz gain, azken urteetan basurde eta azeri ehiztarien talde batzuek auzolanean mendi bidexkak garbitu eta pagoak eta haritzak landatu dituzte. Azken asteetan, basurde ehizako 18 kide elkartu dira auzolanean, Aiako Harriko eta Pagolletako mendi bideak garbitu eta mendiko oteak eta sastrakak mozteko.

Bertze auzolanetan egin ohi den bezala, Lesakako Udalak istripu asegurua, erregaia eta hamaiketakoa eskaintzen dizkie parte hartzaileei.

Euskal Herriko herri ttikietan auzolana ezinbertzekoa izan da betidanik, eta gaur egun ere funtsezko praktika da gure herria eta ingurua zaintzeko eta mantentzeko. Lerro hauen bidez, Lesakako Udalak eskerrik beroenak eman nahi dizkie auzolanean aritzen diren herritar guztiei, eta gainerako herritarrak ere egiten diren edo etorkizunean antolatzen ahal diren auzolanetan parte hartzera animatu nahi ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun