Etxalarko Turismo bulegoaren ordutegia zabaldu dute udan

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 14a

Uztaileko eta abuztuko larunbat arratsetan kontrabandisten bideetatik ibilaldiak proposatu dituzte.

Etxalarko Turismo Bulegoa uztailaren 7tik abuztuaren 31ra egonen da zabalik, astegunetan 10:00etatik 13:30etara eta 17:00etatik 19:00etara egonen da zabalik (astelehen arratsaldetan itxita). Asteburuetan, berriz, 10:00etatik 13:00etara irekiko ditu ateak. Bisita gidatuak ere eskainiko dituzte eta honen prezioa 6 eurokoa izanen da pertsonako (asteartetik ortziralera 19:00etan eta asteburuetan 13:00etan).

Lizarietan ortzegunetik igandera bisita gidatuak

Bertzalde, Lizarietan ere bisita gidatuak eginen dituzte udan ortzegunetik igandera, 10:00etan eta 13:00etan. Interpretazio zentroaren inguruan, kultura, migrazioa eta usategiei buruz gehiago jakiteko aukera izanen da. Izena emateko (00 34) 621 23 97 56 edo (00 33) 659 29 78 82 telefonoetara deitu behar da.

 

Uztaileko eta abuztuko larunbat gauetan kontrabandisten bideetatik

Azkenik, uztaileko eta abuztuko larunbat arratsetan kontrabandisten bideetatik gaueko ibilbideak ere proposatuko dituzte, 21:00etan Etxalarko plazatik abiatuta. Zortzi kilometroko ibilaldia izanen da, hiru ordukoa eta guttienez lau lagun beharko dira (10 urtez goitikoak) ibilaldia egiteko. Hamar euro ordaindu beharko da. Guttienez egun bat lehenago deitu behar da 689 70 28 91 edo 948 63 51 66 telefonoetara. Linternak eta mendiko botak behar dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun