Berako Udalak adierazi duenez, heldu den astelehenean, uztailaren 20an, espero du behin behinean irekitzea herriko igerilekua. Izan ere, uda hasieran iragarri zuten aurten ez zituztela irekiko eta «aste luzeak eta zailak izan dira».
2018ko Foru Dekretua onartu zenetik, «urtero ibili gara igerilekuak irekitzeko lanean, beharrezko osasun baldintzak betetzeko asmoz (uraren desinfekzioa eta arazte sistemak, tratamendu irristagaitzak, aldagelen hezetasun aurkako margotze lanak). Nahiz eta dekretuaren baldintza guztiak ez, bete azken urteotan ireki ahal izan ditugu, isunen bat hartu badugu ere».
Aurten, aldiz, «Nafarroako Gobernuak bukatutzat eman ditu igerilekuak egokitzeko luzamenduak eta dekretuaren baldintza guztiak betetzen ez zituzten instalazioak ez irekitzeko agindua eman zuen, ondorio larriez ohartaraziz, agindua betetzen ez bazen. Baldintza horietan ezin izan genuen irekitzeko arriskurik hartu, zigor larririk ez hartzeagatik».
Egoera horretan «saiatu gara uda honetarako soluzioak ematen». Martxan jarri dute BiziTropela, bizikletaz Lesakako igerilekura joateko, baita inguruko herrietako igerilekuetako abonuen diru laguntzak, adinekoentzako garraioa eta bertze hainbat jarduera ere. Baina egoera berriarekin bertan behera geldituko dira jarduera horiek, eta ez dira gehiago indarrean egonen».
Izan ere, «azken astetan Osasun Departamentuak araudiaren aplikazioa egokitu du, hainbat udal igerileku ixteak sortu dituen arazoengatik. Hori horrela, Berako Udala berehala jarri zen kontaktuan arkitekto batzuekin, aztertzeko zein izan behar ziren guttieneko moldaketak erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko, nahiz eta instalazioak akats ttikiak izan eta araudia ehuneko ehunean ez bete».
Azken egunetan moldaketa lan horiek egiten aritu dira, «eta aste honetan arkitektoek baloratuko dute egindako lana nahikoa den udalak igerilekuak irekitzeko, erantzukizunpeko adierazpena sinatuz. Beraz, igerilekuak hilaren 20an irekitzea espero dugu, egindako lanak eraginkorrak izan badira». Ondorengo egunetan egutegi, ordutegi eta abonu sarreren tarifak zabalduko dituzte.
Dena den, «irekiera hau behin behinekoa dela» ohartarazi dute eta «udal taldearen asmo eta indarrak igerileku berrien proiektuan jarriak ditugula» azpimarratu dute.