«Elkarbizitzarako guttieneko arauak onartzen ez dituztenek, herritarrak ordezkatzen dituztenen [udalaz ari da] erabakiak errespetatzen ez dituztenek, herri mailan guzien eskubideen bermatzaile nagusia den erakundea [udala] errespetatzen ez dutenek, eta deusen adibide ez direnek, bigarren aldiz, egun guttitan, herriko etxeko fatxadatik zintzilik zegoen LGTBI+ bandera kendu edo ebatsi dute berriz». Hitzez hitz, halaxe jakinarazi du Igantziko Udalak ohar bidez.
Baina argi utzi du ez duela bertze aldera begiratuko: «Arratsetan, gordeka, aurpegia eman gabe ibiltzen diren bitartean, udal honek berdintasunaren alde, guzion eskubideen alde, eta askatasunaren alde apustu irmoa egiten segituko du»; gisa berean, «behar diren aldi guzietan herriko etxeko fatxadan beharrezkoak diren banderak zintzilikatzen» segituko duela nabarmendu du.
Igantziko herritarrei ere bidali die mezua, «ez dezaten bertze aldera begiratu. Intolerantziak guzioi eragiten baitigu, eta guzion artean bakarrik lortuko dugu horrelako portaerak gelditzea. Mila esker».