Ortziralean eta larunbatean, uztailaren 10ean eta 11n, izanen da Bestabusa. Bi autobus izanen dira: batek Arantza-Igantzi-Etxalar-Lesaka bidea eginen du eta bertzeak Bera eta Lesaka lotuko ditu.
Arantza-Igantzi-Etxalar-Lesaka autobusa
Arantzako aparkalekutik abiatuko da autobusa, lehenbizikoa 21:45ean eta bigarrena 23:30ean, eta handik Igantzira joanen da. Bi-Bidetik 22:00etan eta 23:45ean abiatuko da, eta Etxalarko bidea hartuko du. Autobusa Landaburutik 22:15ean eta 00:00etan aterako da Lesaka aldera eta suhiltzaileen parkean utziko ditu bidaiariak. Bueltarako, berriz, alderantzizko bidea eginen du autobusak, eta Lesakatik 03:00etan, 05:00etan eta 06:00etan aterako da.
Bera-Lesaka autobusa
Berako Toki Onako aparkalekutik aterako da autobusa, 22:00etan, 23:00etan eta 00:00etan, eta bidean, Agerran geldialdian eginda, Lesakara joanen da. Bueltako autobusa, berriz, 03:30ean, 04:30ean, 05:30ean eta 06:30ean aterako da.
Joan-etorria bortz euro kostako da eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuek oroitarazi dutenez, «adin ttikikoek zerbitzua erabiliz gero, gertatzen ahal diren bizipenen arduradun gurasoak izanen dira. Eta autobus barrenean, ez inon, ez da errespetu faltarik onartuko».
Bertzalde, aipatu behar da 16 urtetik goitikoek erabiltzen ahal dutela zerbitzua eta Bortzirietan bizi diren eta 2008, 2009 eta 2010 urteetan sortu diren adin ttikikoek beren gurasoen baimena sinatu eta aurkeztu behar dutela.