«20 urteren ondotik, erregionalen mailan nesken taldea berreskuratu dugu Gure Txokoan»

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 5a

2003ko apirilean Gure Txokoako taldeari ateratako argazkia. Azken denboraldiko taldea izan zen.

Jon De la CRUZ ETXEGARAI, Berako Gure Txokoako futbol koordinatzailea

2026-2027 denboraldian nesken bertze talde bat izanen du Gure Txokoak: erregionalen mailan. Bi hamarkada baino gehiago pasatu ditu kategoria horretan talderik gabe, baina berriz berreskuratu du. Bortzirietako emakume helduen talde bateratua sortzeko aukeraz ere aritu da beratarra.

Gure Txokoak noiztik ez du izan kategoria horretan emakumezkoen talderik?

2002-2003an izan zen azken denboraldia. Jende faltagatik desagertu zen. Ordurako Irundik jendea etortzen hasia zen, eta Berako eta inguruetako neska batzuk uztekotan ziren. Irundarrak beratarrak baino gehiago izanen zirela ikusita, Irungo Mariñorekin taldea eskualdatzeko nolabaiteko akordioa egin zuen Gure Txokoak. Lehenbiziko urte hartan, taldeak Gure Txokoa-Mariño izena hartu zuen, baina hortik aitzinera Mariño. Ondoko urteetan, Lesakako Beti Gaztek bete izan du hutsune hori, Beti Gaztek urte aunitzetan izan baitu erregionaletan taldea. Azken denboraldian, ordea, jende faltagatik ez du atera.

«Uste dut etorkizunean Bortzirietako emakume helduen talde bateratua izanen dugula»

Bortzirietako emakume helduen talde bateratua sortzeko aukera mahai gainean ibili duzue…

Baditugu hiru bat urte Beti Gazterekin bilerak egiten, eta orain arte, ez gara akordio batera ailegatu edo zenbakiek ez dute eman. Nik uste talde bateratua izaten bukatuko dugula, Bortziriak delakoa, edo igual du ze izenekin, hori guttienekoa baita. Baina oraingoz, ez da atera, eta Gure Txokoan erregionalen taldea ateratzeko jendea bildu dugu.

Noiz hasi zineten taldea ateratzeko prestatzen?

Apirilean hasi ginen, gure jokalari batzuk talderik gabe gelditzen ahal zirela ikusita. Kadeteen bigarren urteko jokalariekin eta lehenagotik jaiotako neskekin osatu dugu. 15 urtetik aitzinerako hemezortzi batek baieztatu digute. Denak beratarrak dira. Bertze hiruzpalau dudan daude. Denboraldiaurrea hastean probatu, eta erabakiko dute hasi edo ez. 

«Azken urteotan Irunera joan diren jokalari horiek guziak gure taldeetan balira, segur aski ez genuke arazorik izanen taldea ateratzeko. Baina kanpoan daudenez, zailagoa da» 

Bidea zaila izan da?

Beti Gazteko erreferenteen taldea desagertu zenean, erreferentziazko talderik gabe gelditu ginen, eta futbolean jokatu nahi zutenek Irunen, Oiartzunen eta inguruko herrietan bilatu zuten futbolean segitzeko aukera. Eta hortik aparte, talde batzuek, Mariño-Real Union tartean, 14-15 urteko gure jokalariei euren taldera joateko eskaintza egiten diete. Beran edo Lesakan handien talderik ez dagoela ikusita, aunitzek Irungo taldera jotzen dute badakitelako 16 urte betetakoan ez dutela futbola utzi beharrik izanen. Guk, berriz, erregionalen taldea sortuta, Bortzirietan 16 urte betetakoan kirola egiten segitzeko aukera eman nahi dugu. Bistakoa da, azken urteotan Irunera joan diren jokalari horiek guziak gure taldeetan balira, segur aski ez genuke arazorik izanen taldea ateratzeko. Baina kanpoan daudenez, zailagoa da. 

Erregionalen taldea sortuta, Gure Txokoak nesketan laugarren taldea izanen luke, ez?

Bai, hori da. Kimu-benjaminen kategorian, infantiletan, kadeteetan eta orain, erregionaletan. 

Nor izanen dira erregionalen taldeko entrenatzaileak?

Angel Ponbar eta Juanen Saralegi. Azken urteetan kadeteetan ibili dira eta eurek hartuko dute ardura. 

Oraindik taldea irekia dela erran izan duzue…

Bai, eta norbaitek nahi badu, futbol.guretxokoa@gmail.com helbidera idazten ahal du. 

«Beran ez da inoiz ibili hainbertze neska futbolean»

Emakumeen futbola ze egoeratan ikusten duzu Gure Txokoan?

Beran ez da inoiz ibili hainbertze neska futbolean. Beti izan dute afizioa, baina ez da sekula horrenbertze fitxa izan. Egoera beti izaten ahal da hobea, baina egoera ona da. Hagitz guttik erraten ahal dute lau talde dituztela. Eta ez naiz Berako egoeraz bakarrik ari. Lesakan ere neska gazte pila aritzen da futbolean. Normalean, Bortzirietako bertze herrietako neskak Beti Gaztera joaten dira, eta beraz, Bortzirietan afizioa badela ikusten da.

Zerbait gaineratu nahi duzu?

Bortzirietako emakumezko heldu guziak bilduz, nahiago nuke denak elkarrekin joanen bagina, denontzat errazagoa izanen bailitzateke. Hortaz, hurrengo urteetan proiektu bateratua sortzeko ateak irekiak ditugu. Kopurua ikusita, nik uste Beti Gaztek eta Gure Txokoak proiektu bateratua aterako dugula. Guk, orain Beran badugu taldea ateratzeko aukera, baina igual hemendik hiruzpalau urtetara ez, eta igual orduan Lesakan jende gehiago dute. Batzuetan talde batek jokalari gehiago izanen ditu, eta bertzeetan bertzeak. Logikoena elkarrekin zerbait egitea izanen litzateke, bertzela, urtero larri ibiliko gara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun