Nafarroako Gobernuak 62.407,70 euroko dirulaguntza eman du eta Lesakako Udalak gainerako 43.528,26 euroak bere gain hartu ditu
Egokitze lanen helburua eraikinaren irisgarritasuna, erosotasuna eta erabilgarritasuna hobetzea izan da, ondare historikoa zainduz eta etorkizuneko beharretara egokituz. Hemendik aitzinera, Eskol Ttiki herritarren topagune izaten segituko du. Hitzaldiak, erakusketak, tailerrak, bilerak eta bertzelako jarduerak hartzeko espazio erabilgarria izanen da. Era berean, eraikina erabiltzeko sistema berri bat jarriko da martxan, herritarrek espazioa modu erraz, antolatu eta gardenean eskatu eta erabili ahal izan dezaten. Eskol Ttikik historia luzea du gibelean; berritze lan hauei esker, historia horrek etorkizunean ere jarraipena izanen du, herritarren topagune eta kultur bizitzaren parte izaten segituz.
Eskol Tttikiren historia
Eskol Ttiki XIX. mendeko eraikina da, Albistur karrikako 7. zenbakian kokatua. Onin errekaren gainean eraikia dago, eta Lesakan uraren gainean eraikitako bi etxeetako bat da; bertzea Erdiko Errota da, baina hura kanal baten gainean eraikia dago. Eraikina 1870. urte inguruan altxatu zen, 1857ko Moyano Legearen ondorioz. Lege horrek hezkuntza publikoa antolatu eta sustatu zuen lehen aldiz Espainiako Estatuan, eta testuinguru horretan eraiki zen Eskol Ttiki. Bere izenak adierazten duen bezala, urte luzez eskola izan zen, eta belaunalditan bertan egin zituzten lehen ikasketak. Arkitekturari dagokionez, Eskol Ttikik bere inguruko etxeek baino estilo sinpleagoa, arrazionalagoa eta akademizistagoa du. Lehen begiratuan nabarmentzen dira bere proportzio orekatuak eta lerro garbiak, baita Onin errekaren gaineko kokapen berezia ere. Fatxadan beheko solairuko puntu erdiko hiru arkuek eta lehen solairuko hiru leiho nagusiek osatzen dute eraikinaren irudi bereizgarria. Eskola izateari utzi ondotik, hainbat erabilera izan ditu. Herriko hainbat talde, elkarte eta jardueretarako bilgune izan da, eta, bertzeak bertze, musika eta dantza taldeen entseguak ere hartu ditu bere baitan. Horrela, garai bakoitzeko herritarren beharretara egokituz, Eskol Ttikik beti izan du lotura estua Lesakan herriko bizitzarekin.