Bestak 2026

«Sanferminetan gauza aunitz badira, baina egia da Lesakan identifikagarriena ezpata dantzariak direla»

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 3a

Jasone 'Totxi' Telletxea Maritxalar eta Olhain Plaza Maia, programako azal eta gibeleko azal lehiaketa irabazitako lanekin, plazan.

Jasone TELLETXEA MARITXALAR eta Olhain PLAZA MAIA

Egunotan lesakarrek hartu duten sanferminetako programaren azaleko egilea da Jasone Telletxea Maritxalar argazkilaria eta gibeleko azalarena Olhain Plaza Maia, Tantirumairu Ikastolako 6. mailako ikaslea. Biei ezustean harrapatu die lehiaketa irabaztea. Beteranoenak dioenez, «ez nuen erakusketa ikusi eta ez nekien zer lan aurkeztu ziren eta ez dakizu jendeak nola bozkatuko duen. Azkenean badirudi honek lortu zuela boto gehien eta hagitz kontent». Gazteenarena, berriz, 133 lanen artean bozkatuena izan zen. «Lehendik 5-6 aldiz aurkeztua nuen eta aurten nire azken saiakera zenez esfortzu handiagoa egin dut baina hala ere ez nuen uste nirea izanen zela bozkatuena».

Irudi klasikoak

Olhain Plazaren ‘Agurra’ lanak Zubigainekoan neska baten agurra marraztu du. «Egia erran inoiz ez dut ezpata dantzaririk marraztu eta aurten nire azken saiakera zenez eta ez nekienez zer marraztu ezpata dantzari bat egitea pentsatu nuen. Niretzat ez da momenturik bereziena, baina momentu hagitz polita da». Jasone Telletxearen lanean ere ezpata dantzarien irudi klasikoa ageri da. «Nik banituen bi lan aurkeztuak eta bertzea zen pixka bat ezberdina eta niretzat politagoa ere. Hau klasikoagoa da, ezpata dantzarien hankak eta… Azkenean hori pasatzen da, jendeak erraten du eta denok erraten dugu zerbait ezberdina nahi dugula, baina botoek klasikotara jotzen dute», dio. Halere, Telletxearen ustez, «bai izan daiteke ezpata dantzaririk gabeko kartel edo portada bat, zergatik ez? Sanferminetan badira gauza pila bat, baina egia da Lesakako sanferminetako irudirik identifikagarriena ezpata dantzariak dira, inauterietan zakozarrak diren bezalaxe. Horiek agertzen ez badira, badirudi ez direla bestetako edo inauterietarako lanak». Lehendik bi aldiz irabazia du sanferminetako kartel lehiaketa Telletxeak, 2012an eta 2019an, baina ez du urtero aurkezten: «Duela aspaldixkotik ez nuen aurkeztua. Denbora eskatzen du eta buruan ideia bat izan behar duzu, lantzen hasteko».

Bestetan dena gustuko

Bi sortzaileei galdetu diegu sanferminetan gehien eta guttien gustatzen zaienari buruz eta badituzte bere aldeak. Gazteenak dioenez, «dena gustatzen zait ez dago zerbait bereziki gustatzen zaidana, dena hagitz ongi dago». Helduak, berriz, «beharbada harrituko zara, baina gehien gustatzen zaidana zezenak dira», erantzun digu. «Gero eta jende guttiago ateratzen da, baina giro polita izaten da, zezenen aitzakian jendea ere ateratzen da eta eguerdian lehen izaten ez zen giroa izaten da. Hori bai, hunkigarriena San Fermin goizean goizeko ezpata dantzarien “arrankada” izaten da, izugarri polita da eta 11:00etakoa ere hagitz-hagitz politak dira. Aldiz, faltan botatzen dut kanpoan egindako bertze ekitaldiak. Ez dut horrelako sobera gauza ikusten. Egia da norbait egon behar duela gainean, antolatzen eta prestatzen, eta denok besta egiten gaude, orduan zaila da, inor ez dago horretarako prest».

Urtez urte atera dituen milaka argazkien artean zail egiten zaio bat aukeratzea Jasone Telletxeari, baina hori bai, «gero eta zailagoa da argazkiak ateratzea. San Fermin egunean, zakozarrekin bezala, kamera eta mobilen borroka bat da. Mundu guzia ari da bere tresnekin irudiak hartzen eta denei traba egiten diezu. Ez dakit gero ikusten dituzten ere, baina gaizki sentitzen naiz, aitzinetik pasatzen naiz, jendeak erraten dizu… gero eta zailagoa da jenderik gabe argazkia ateratzea». Bere lanbidea dela eta, besta “bertze aldetik” bizitzea suertatzen zaio aunitzetan, baina denerako denbora badela uste du Telletxeak: «Niri besta gustatzen zait, baina besta egiteko modua aldatu zait. Eguerdian ardo batzuk hartu edo bazkaria, denetik egiten ahal da. Egia da peñen jautsiera eta utzi behar izan ditudala argazkiak ateratzeko, baina beti egin dudanez, ez dut horren falta sumatzen. Besta bertze modu batera egitea da».

Dantzariak izandakoak

Biak dantzariak izanak dira, Jasone «aspaldi». Olhainek, berriz, «lehen dantza egiten nuen baina denbora faltarengatik utzi behar izan nuen. Futbolean aritzen naiz Beti Gazten, futbolaz aparte musika gustatzen zait: pianoa, trikitixa...». Eta plastika ere gustatzen bazaio ere, «nahiago dut gorputz hezkuntza». Lesakakoak ez ezik, Iruñeko sanferminak ere gustatzen zaizkio Olhain Plazari. Lehiaketako ehun euroko sariarekin, berriz, oraindik ez daki zer erosi, «pentsatzen dut DBHri begira erosiko ditudala gauzak» eta, bereziki, eskerrak eman nahi dizkio «aholkuak eman dizkidan Olatz Rojo gure irakasleari».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun