Eta peña batek, kideez gain, behar dituen bertze bi kontuak lotu zituzten: «alde batetik izena, hasiera batean pila bat atera ziren eta azkenean biren artean bozkatu genuen, Arkale eta Baikorrak. Eta bertzetik, blusaren koloreak: urdina, gorria, berdea… nahiko hartuak zeuden eta noski, lehen peña izan zen eta ordurako ia desagertua zegoen Egurra peñaren koadroduna, kuadro txuri eta beltz ttikiekin egitea pentsatu genuen. Baina ez genuen tela berdin berdina topatu eta koadro handixeagoekin egin zen».
Lehenbiziko sanfermin haiek ederki pasatu zituztela gogoan dute, baita ondoko urtetakoak ere, «peña berriarekin harro. Adinak ere laguntzen zuen». Handik aitzinera, urtetik urtera, adintsu bera zuten gazteak joan ziren peñan sartzen, «adinagatik edo bertze peñatan lekurik ez zutenak Baikorrak peñan ongietorriak izaten ziren eta pixkanaka handitzen joan zen». Horren lekuko, handik urte batzuetara peñan sartu zen kide baten testigantza: «Burutan dut nik, nola nire kuadrillakoak peña batean sartzeko gogoz ginen eta Baikorrakoei galdetzea erabaki genuen. Beraien erantzuna, peñan sartzeko ez zela inoren baimenik behar izan zen. Blusa erosi, bazkarira apuntatu eta lixto! Ze majoak Baikorrakeko gazte haiek! 15 urterekin sartu ginen peñan eta orain, 52 urterekin gustura gabiltza elkarrekin».
300 kide baino gehiago izan ziren peñan
Ordurako, Irubiden egindako urteren baten ondotik, Koxkonta jatetxean hasi ziren peña eguneko bazkaria egiten, baina handitzen handitzen, «300 kide baino dexente gehiago izatera ailegatu ginen, hor nonbait, eta ez genuen denentzako tokirik jatetxe batean». Orduan hasi ziren catering bidez egiten peñen eguneko bazkaria, «eguraldiaren arabera, urte batzuetan Irain eskolako arkupetan, bertze batzuetan Biurrana errekaren ondoan, Eroskiko pisuen gibeleko aldean… baina orduan mahaiak eta guk plantatu behar genituen, gero bildu, garbitu… besta egun handi batean besta egiteko irrikitan dagoen gaztearentzat lan handi xamarrak eta, gehienetan, jende berak egin behar izaten genuen». Urteren batean peñak ez zuen bazkaririk antolatu eta kuadrillaka bakoitza bere aldetik ibili zen. Beharbada horregatik, XXI. mende hasieran, Baikorrak peñan zeuden gazte batzuk beraien peñak sortzen hasi ziren, «garai horretakoak dira Erretiradi, Altxadi, Ziharka… Prozesu natural xamarra izan zen, bakoitzak bere kuadrillarekin edo hurbilagokoekin peña osatzea, baina horien guzien aita eta ama ere sentitzen gara nolabait» diote irrika. Baikorrak peñako kideen kopurua murriztu zen orduan eta, berriz ere jatetxeetan tokia egiteko modua izan zuten eta Kasinoan egin zuten zenbait urtez.
XXI. mendean sortutako belaunaldia
Baina berriki, berriz ere hazten hasi da Baikorrak peña, «kasu aunitzetan hasierako urteetako sortzaile haien seme-alabak eta sartu dira peñan. Orain erran dezakegu 1970. hamarkadan jaiotako peñakideak eta XXI. mende hasieran jaiotakoak ditugula gehien bat». Adin tarte hori “gatazkarako” bidea izan zitekeen, «baina egia da peñen eguneko bazkariaz aparte ez dugula deus egiten urte osoan eta ez dugu eztabaidarako arrazoi handirik. Alderantziz, hain adin ezberdinetakoak elkarrekin izatea peñan, aita eta amak, seme eta alabekin nahasiak, aberasgarria iruditzen zaigu», diote beteranoek. XXI. Mendean jaiotako peñakideen ordezkariak, berriz, hala dio: «Gu ttikitatik Baikorrak izan gara, aita eta ama biek Baikorrak zirelako. 16 bat urte genituenean gurasoek beraiekin bazkaltzera joateko erraten ziguten. Orduan gurasoekin besta egiten kointziditzeak kriston lotsa ematen zigun, ez genuen nahi edaten genuela ikustea eta “zahar” giroak ez zigun atentzioa deitzen. Gainera, kuadrillakoak elkartzeko ohitura genuenez eta denak Baikorrakekoak ez garenez, urtero bezala, bazkaria egiten segitu genuen. Pandemiaren hurrengo urtean, galdera berriz egin ziguten gurasoek eta ordurako ia lotsak kenduak genituenez gu ere Baikorraken bazkarira joatea polita izanen zela pentsatu genuen. Idea horretatik abiatuta adintsuko gehiagori idatzi genien eta azkenean 20 bat bildu ginen lehenbiziko urte hartan, Kasinon. Hagitz ongi pasatu genien eta hurrengo urtean ere berriz errepikatu genuen. 2023an ia proposamena zabaltzea erabaki genuen eta Whatsapp talde bat sortu genuen, 16 urtez goitiko “gazte” guziak biltzen zituena. 20rekin hasi zen talde hori gaur egun 74ra zabaldu da. Urtetik urtera handitzen ari gara».
Beterano eta gazte, ibili eta buelta, berriz ere 160 bat kide izatera ailegatu dira, eta berriz ere Koxkontan elkartzen dira, «baina jatetxea itxia dagoenez, catering-a ekartzen dugu eta lekua uzten digu Andueza-Arruabarrena familiak. Hagitz eskertuak gaude, nahiz eta bertze gauzetara bideratu behar duten orain eta aurtengoa izanen den horrela egiten dugun azken urtea».
40. urteurrena, XL neurririk gabe!
Berrogeigarren urteurrenaren harira zerbait antolatzeko asmotan ibili ziren urte hasieran, mus txapelketaren bat edo bertze zerbait, «baina ez da erraza, azkenean Baikorrak kuadrilla ezberdinek osatzen dute, ikusi dugunez, adin ezberdinetakoak ere, bakoitza bere martxarekin… Whatsapp talde bat badugu, kuadrilla bakoitzeko “sekretario” lanak egiten dituen lagun batekin eta hor aipatzen direnak gero bakoitzak bere kuadrillari birbidaltzen dio. Denak ados jartzea zaila da».
Azkenean, urteurrena gogoratzeko zapiak eta kamisetak bakarrik egin dituzte: BAIKORRAK 1986-2026, XL Neurririk gabe! diote. «Umore pixkat eman nahi genion leloari eta hortaz, 40. urteurrena da, eta 40 XL da zenbaki erromatarretan, eta aldi berean arroparen neurrietako bat… Horrekin jokatuz, Beti neurrian, Neurriz eta adinez edo horrelako leloren bat pentsatu genuen, baina azkenean Neurririk gabe! aukeratu dugu, beharbada baikorregia. Egia erran, arrakasta handia izan dute eta epearen barrenean 216 kamiseta eta 143 zapi saldu dira. Rebentan, auskalo zenbat!».