Bestak 2026

«Auzolanak izaten ziren gaur eguneko sare sozialak, eta berreskuratzea polita izanen litzateke»

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 3a

Auzolanean egin duen lana eskertuz, Luis Mari Olaetxea Altzugaraik piztuko du sanferminetako lehen suziria.

Luis Mari OLAETXEA ALTZUGARAI, lehen suziria pizteaz arduratuko da.

Lesakako sanferminei hasiera emanen dien lehen suziria aireratzeaz Luis Mari Olaetxea Altzugarai arduratuko da. Luis Mari 1958ko martxoaren 27an sortu zen Lesakan eta bertan bizi da gaur egun ere, Nabaz auzoan. Auzolanean egin duen lana eskertu eta auzolana bera aitortu nahi izan ditu Lesakako Besta Batzordeak.

Luis Mari Olaetxea Altzugaraik txupinazoa piztuko du auzolanean egindako lana eskertuz

Eta horretan jardun da Luis Mari Olaetxea buru-belarri azken urte hauetan. Horren ondorio dira berreskuratutako hainbat bide, hala nola, Koskontako bidea, Nabazetik Bordaberrirako bidea, Mairuerregeneko bordatik Otsangoko errekarako bidea, Ponpollegiko bidea, Difuntuen bidea… Bereziki aipagarriak dira azkeneko bi hauetan eraikitako egurrezko zubiak, bai eta Berrotarango errekan eraikitakoak. Bideak berreskuratzeaz gain, bertze hainbat lan burutu ditu: ur bideak garbitu, eroritako zuhaitz eta adarrak moztu… Lan horiek ezagutzeko txango ttiki bat egin dugu Olaetxearekin, kontu kontari, Berrotaran baserritik abiatu eta errekan beheiti, gaineko aldetik, berak berreskuratutako eta zaindutako bidexkaren barrena. Lan hauetan nola hasi zen galdetu diogu Olaetxeari: «Mairuerregeneko bordatik Berrotarango errekarako bide hau Barberen bordako Rafaelek egiten zuen, segarekin bidea garbitu eta ur bideak egin, baina adin handia zuen. Halako batean, 2018an, erran nion: ‘zuk uzten duzunean, nik garbituko dut bide hau’ eta handik agudo utzi zuen eta horrela hasi nintzen, bidea garbitu eta ur bideak egin. Urte batean 110 ur bide egin nituen, Nabaztik hasi eta Alkaiagara bitarte, Baldrungo kaskotik barrena… bideak ez hondatzeko behar beharrezkoak dira, bertzea ura bidean pilatu eta lohi handiak armatzen baitira. Orain urtean behin errepaso bat egiten dut, hostoak eta zikinak garbitu eta abantaila handia da». Mendian aunitz ibiltzen da Olaetxea eta 2020ko haizetean eroritako zuhaitzek Berrotaranetik bide berdera joaten den bidea moztua zutela ohartu zen. «Bazterretik bazen bidexka trakets bat, eta hura moldatu nuen, pikotzarekin eta, harria baitzuen. Hura izan zen berreskuratutako lehen bidea, 2020an. Eta hor, berriki 100 urte egin dituen Alkaiagako Joxe Fagoaga amistadea izaten dut eta behin galdetu nion ea Lesakako merkatura etortzeko ohitura izaten ote zuten eta hark baietz, Ponpollegiko bidetik joaten zirela, mutikoa zela bere aitatxirekin merkatura joan eta buelta egiten zuela gogoan zuen. Ikustera joan nintzen eta otea, laharra… ‘hau garbitu behar dut!’ erran nuen. Hasi nintzen eta 3-4 metro zabaleran oteak eta laharrak moztu, garbiketa egin eta moldatu nuen 2021ean. Semeak eraman zuen Joxe Fagoaga bidea ikustera eta hagitz kontent zegoela erran zidan. Mina zuloetarako sarbideak ere moldatu nituen, berak aipatuta».


Mairuerregeneko bordatik Otsangoko errekara doan bidean.

 

«Hau droga bezalakoa da»

Eta hau, Olaetxearen erranetan, «droga bezalakoa da. Joxe Barberok galdetu zidan ea Difuntuen Bidea ezagutzen ote nuen. Garai batean Tellegiko atarira ateratzen zen bide bat zen, Alkaiagatik eta Zalain-Zokotik hildakoak bide horretatik ekartzen omen zituzten Lesakako elizara lurperatzera, hagitz aspaldiko istorioa. Joan nintzen, eta ‘imposible!’, izugarrizko zuhaitz pila eroriak, otea, ez zen pasorik… Bide polita zen, baina arront galdua. Baina hark lagunduko ninduela eta hasi ginen, berak motozerrarekin arbolak moztu, nik aitzurrarekin bidexka moldatu… Kilometro bat eta berrehun metro, bada bidea! Hori 2022an egin genuen». Behin bideak berreskuratuta, «aski da urtean behin edo bitan garbitzea, jendea gehien ibiltzen den lekuetan urtean hirutan ere egiten diat, denera 6-8 kilometro. Maiz eginez gero errazagoa da, uzten baldik baduk urte bat egin gabe, orduan bai lanak! Desbrozadoraren pita hausten duk». Eta aipatutako bide horiez gain, «Koskontako bidea eta Milkurbas deitzen duten bide famatu hori garbitzen ditut».

Luis Mari Olaetxeak dioenez, «hau nire kabuz egiten dut, gustatzen zaidalako eta distrakzio izugarria delako, ezin dudan egunean utziko dut», baina berak ongi oroitarazi duen bezala, bereak ez dira auzolanean aritu diren esku bakarrak izan. Horregatik bereziki aipatu nahi ditu «Paxkual Taberna, Joxe Barbero, Danieltzo Tellegi eta Patxi Errandonearen izenak», egindako lanetan bidelagun izan dituenak.

«Edo borondatez egiten ditugu edo bideak galduko dira»

Bakarren batek erran omen dio lan hauek ez lituzkeela berak egin beharko, baina Olaetxeak aipatu digunez, «Lesakak 55 kilometro koadro ditu eta nik bat oso-osorik hartuta ere, bada mendi eta bide pila ederra, herriko etxeak ezin ditu denak bere gain hartu, ezinezkoa da. Edo borondatez egiten dugu edo galduko dira bideak». Bere ustez, bada jende gehiago lan hauetan ariko litzatekeena, «baina hori udaletxearen eskutik eginen balitz, ofizialtasun edo hierarkizazio horrek ez zuen lagunduko, igual jendea gibelera botako luke. Baina hiruzpalau lagun gelditu eta ‘hau edo hori egin behar diagu’, norbaitek ideia edo bidea irekitzen badu, bada jendea gibeletik etorriko dena, jubilatutako jendea bada, sasoi eta denbora aunitzekin. Lehenbizi bideen inbentario bat edo egin beharko litzateke, eta hor ongi etorriko zen herriko etxearen laguntza, baita segurua egin edo materialera lortzeko ere, eta gero, auzoka taldetxoak egin edo nolabait antolatu. Jende gaztea ere hurbilduko litzateke, horretan baikor nauk!». Auzolana, herrigintza… «Aztertzen hasten bagara, oraindik gure herrietan bizirik ditugunak dira –dio Olaetxeak–, bertze aunitz tokitan erabat galduta dagoena, ez dute ulertzen ere nola ari daitekeen norbere borondatez lanean. Baina lehengo sare soziala hau duk! Elkartzen gaituk 5-6-7-8 lagun, goiz polita pasatu, gosaldu, solastatu… Auzolanean egiten zen ikatza, kisua, horma elur zuloetan… jende aunitz behar zen lan horietarako. Arestian aipatutako Difuntuen Bide hori urtean bitan garbitzen zuten, bat San Joan egunean. Hori markatua zegoen. Gurutzea pasatzen zen tokia, kontuz! Sakratua zen, garbi egon behar zuen, elizak indar handia zuen».


Legarraldeko errekan, Da Vincik asmatutako sistema erabiliz egin duen egurrezko zubiaren aitzinean.

Da Vinciren sistema duen zubia

Ibilian ibilian, «Leonardo Da Vincik asmatutako sistema erabiliz» eraiki duen egurrezko zubi bereziraino ailegatu gara. «Otomanoek eskatu omen zioten Da Vinciri erraz eraiki eta erraz urratzen zitekeen zubi bat diseinatzea eta halaxe egin zuen, zutaberik erabili gabe, baina zenbat eta karga handiagoa izan gainean, orduan eta azkarragoa den zubia, baina aldi berean, puntu egokian indarrez kolpatuz gero, desegiten dena. Hau, halere, barrenetik tirafondoekin eta segurtatua dago, ez da erraz eroriko». Da Vinci 2.0. «Etxean ibili nintzen muntatzen eta desmuntatzen, bilobarekin batera, gero Paxkual Tabernak lagundu zidan egurra ekartzen eta hemen ere muntatu genuen, baina gehixeago kosta zitzaidan: erreka erdian, harriak, irregularra… Genuen egurrarekin oinarri bat egin genuen eta haren gainean, egitura hiru bat orduz muntatu genuen, agudo! Gero egurrak bizkarrez ekartzen nituen, batzuk teilatuetako puntak, soberan gelditutako taulak, egiturako egur luzeak izan ezik, dena obretatik birziklatua». Legarraldeko erreka dioen kartela ere paratu dio ondoan. «Kuriosoa da, baina erreka ttiki hau hiru izenekin ikusikatu dut mapetan: Berrotarango erreka goitian, hemen Legarraldeko erreka eta beheitian Otsangoko erreka. Beharbada guttien ezagutzen dugun hori paratu diogu. Izenak, bideak bezala, erabiltzen ez baditugu, galdu eginen dira eta hor aberastasun handia dago».

Sanferminei begira

Herriko bestei buruz aritzeko ia astirik gabe, «ilusioz» hartu du herriko etxearen gonbidapena, «baina ez nauk bakarra». Bere garaian Frain peñan ateratzen omen zen, baina orain «bilobekin barraketan» ematen du denbora eta diru gehiena, «karterari bai astindu ederra!. «Nire adinarekin lasai hartzen dut, ostatuan ez naiz ibiltzen, gauzak ikustera bai». San Fermin eguna aunitz gustatzen zaio, «meza kenduta!». Peña eguna ere gustatzen zaio ikusteko, «baina parte hartzeko gehiago, gazte denboran ibili nintzen Frain peñarekin, kuadrilla ttiki bat. Bezpera ere polita izaten zen, gero igual bi egun izorratuak pasatzen genuen». Sanferminetan ere auzolanaren garrantzia azpimarratu du, «antolatzeko besta batzordea, peñak, txosnak, ikastolaren ostatua ere auzolanean egiten zen eta egiten da oraindik ere…, badu meritua hainbertze urtetan! Hori elkartasun bat da eta izugarrizko balorea da!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun