Naroa Martinezek eta Unai Ruizek elkarren artean ondu dute Afonia haurrendako album ilustratua; testuak eta ilustrazioak osagarritzat, Martinezek paratu ditu hitzak eta Ruizek kolore zein marrazkiak. 26 ziren aurten Etxepare sariketara aurkeztu ziren lanak, eta bakarrak eskuratu du garaikurra: Afoniak. Hala, lore sorta esku artean etxera bueltatu da Unai Ruiz ilustratzailea, Beran hezia, baina, egun, Leitzan bizi dena.
Afonia: dolua eta ezkilak
«Isiltzen ari den ahotsa baina, adi erreparatuz gero, oraindik ere entzuten dena» da afonia Martinez eta Ruizen iduriko. Eta hortik abiatuta ondu dute Afonia haurrendako album ilustratua, bide batez, doluaz aritu eta hura ezkila soinuez betetzen duen istorioa. «Ezer ez da galtzen norbaitek oraindik oroitzen badu, eta ezkila-jotzeek bizirik diraute, aitonaren transmisioari eta tradizioari eutsi nahi dion ilobari esker».
Udazkenean argitaratuko dute albuma Nafarroako Pamiela argitaletxearekin eta aurtengoarekin 17 izanen dira Etxepare saria irabazita argitaratutakoak. Horrez gain, 5.000 euroko saria ere eskuratu dute irabazleek. Epaimahaian egon dira Aitziber Akarreta ilustratzailea, Patxi Zubizarreta idazlea eta Idoia Sobrino liburuzaina, elizondoarra. Saria eman diete, ordea, Cristina Ojer Arangurengo euskara arloko zinegotzi arduradunak eta Jabi Arakama Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak.