Pepito Iantziren lana oinarri duen diskoa aurkeztuko du Lesakako Musika Bandak

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 1a

Lesakako Musika Bandako kideak eta diskoan lagundu duten musikari eta laguntzaileak, Elkar estudioen atarian.

Lesakako Musika Bandak 2018an abiatutako kultur proiektu handinahi bati amaiera borobila emanen dio uztailaren 3an. Lan diskografiko berriaren aurkezpen kontzertua ortziralean 22:00etan izanen da, eta herriko taldeak Pepito Iantziren ondarea babestu eta goraipatzeko trilogia itxiko du horrela; izan ere, Iantzi akordeoiaren eta euskal herri musikaren irudirik garrantzitsuenetako bat da.

Proiektua Mikel Iriarte bandako zuzendariaren eta Xabier Zabala konpositorearen ekimenez jaio zen. Hasiera batean, Pepito Yanci 'Beti Bizi' musika ikuskizuna ondu zuten omenaldia egiteko maisuaren jaioterrian bertan. 2017ko abenduaren 30ean Lesakan lortutako arrakastaren ondotik, proposamena Iruñeko eta Donostiako agertokietara eraman zuten 2018an, eta tributu honen lehen fasea finkatu zen. Hasierako emanaldi haietan Golden Apple Quartet bezalako taldeen lankidetza nabarmendu zen, zubi historikoak eraikiz; izan ere, Pepito Iantzi Los Xey talde ospetsuaren kide sortzailea izan zen. Talde horrek arrakasta itzela lortu zuen 1945 eta 1960 urteen artean, eta ondotik Golden Apple Quartet taldeak berak ezagun eginen zituen piezak txertatu zituen bere errepertorioan, hala nola Buen Menú ezaguna edo La Rana.

Berreskuratutako ondarea

Trilogia honen bigarren etapa maisuaren 500 partitura baino gehiago biltzen dituen liburu baten argitalpenarekin gauzatu zen 2020an, horietako aunitz ordura arte argitaratu gabeak. Liburuki hori erreferentziazko lan eta inspirazio iturri bihurtu da akordeoilari, trikitilari eta folk talde belaunaldi berrientzat, eta euskal dantza txapelketetan ere etengabeko presentzia du, bere sormen lanaren gaurkotasuna eta hilezkortasuna agerian utziz.

Azken ginga estudioan grabatutako formatuan dator orain. Lesakako Musika Bandak, Mikel Iriarteren zuzendaritzapean, disko bat grabatu du euskal musika eta akordeoi panoramako hainbat profesional ezagunen parte hartzearekin. Aurkezpen kontzertuak kalejirak, balsak, fandangoak eta abestiak biltzen dituen errepertorioa zabalduko du, eta horien artean erabateko estreinaldia izanen diren hainbat pieza sartuko dira.

Uztailaren 3ko kontzertuan Xabier Zabala, Garazi Navas, Iñaki Dieguez, Joxan Goikoetxea, Aitor Furundarena, Beñat Mitxelena, Antxon Gisasola, Dani Conde edo Leire Retegi bezalako artistek hartuko dute parte, dantzari, trikitilari, Etxabe bertsolaria eta Neli Yancirekin batera.

Bere oroimenez, Pepito Iantzi izena jarriko dio Lesakako Udalak maisua sortu zen karrikari

Erakundeen eta herritarren errekonozimendua

Uztailaren 3ko jardunaldiak, musika arloaz gain, izaera instituzionala ere izanen du. Ekitaldiarekin batera, udalak Pepito Iantzi izena jarriko dio maisua sortu zen karrikari, bere oroimena herrigunean betiko txertatuta gera dadin.

Modu honetan, Los Xey taldearekin Amerikatik itzuli ondotik Donostian bizitza finkatu zuen artistari gorazarre egiten zaio. Donostian, irakaskuntza lan oparoa garatu zuen bere akademian. Donostiako Alde Zaharrean ehunka akordeoilari prestatu zituen hainbat hamarkadatan zehar; kultur eragin horren azken orrialdea bere sorterrian, Lesakan, idazten ari da orain.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun